Biribilguneari dagokionez, Beasain-Durango errepide horrek Bergararako sarrera izan dezan eraikiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak azpiegitura berria. Aurten egingo dute hori; uda ingururako egitea da asmoa.
Bidegorria
Bidegorriari dagokionez, berriz, Antzuola eta Bergara arteko zatia eraikiko dute, errekaren ondotik. Kasu horretan ere Diputazioak egingo du lan hori, aurten. Hori bai, aurreikusitakoa baino zati txikiagoa eraikiko dute Deskargako obrekin batera. Izan ere, Aldundiak 2015erako aurrekontuetan zeukan sartuta bidegorri horren zatietako bat (Bergararekin lotura egiten duena), baina, aurrekontuak luzatu egin direnez, orain, Batzar Nagusien erabakiaren menpe dago obra zati hori.
Ur-zikinen kolektorea
Bukatzeko, eta ur zikinen kolektoreari dagokionez, Antzuolako ur zikinak Bergarako kolektorera bideratzeko kolektore zatia eraikiko dute. Kontua da gaur egun Antzuolak izan baduela udalerri barruko ur zikinak batzeko azpiegitura, baina kolektore horrek Antzuola errekara botatzen ditu ur zikinok. Bada, Antzuolako kolektorea bukatzen den lekuan hasiko da kolektore berria eta Bergarako kolektorea hasten den lekuan bukatuko da. Modu horretan, Antzuolako ur zikinak Mekolaldeko araztegira bideratuko dituzte.