Eroskik eskatutako baimena Leizeagarako (IATren parerako) da. Hain justu ere, han duten aparkalekuaren zati batean gasolindegia eraikitzeko baimena tramitatu dute, errepiderako irteera propio eta guzti.
Bigarren eskaera, berriz, AP-1 autobideko Labegaraietako sarrera parean dagoen Mostei Tailerrak aurkeztu du. Kasu horretan, gainera, Mosteiren pabiloiaren ondoan obrak hasi dituztela agerikoa da.
Eta azken baimen eskaera Bergarako bi partikularrek egin dute. Kasu horretan, Bonbulu ingururako baimena da eskatu eta onartu zaiena; hau da, Bonbuluko okindegiarena zen oruberako, Aseginolaza kontzesionarioaren ingururako. Hantxe egokituko du Diputazioak Beasain-Durango korridoretik Bergararako sarrera ahalbidetzeko biribilgunea.
Udaren bueltan
Esandako moduan, Bergarako Udalak onartu egin ditu hiru baimenok. Edozelan ere, horrek ez du esan gura proiektu guztiak egingo direnik. Baina hala izaten bada, aurreikuspena da uda ingururako edo uda osterako zabalik izango direla hiru gasolindegi berriok eskualdean.
Osintxukoa, itxita
Eta gasolina-zerbitzugune kontuekin bukatzeko, Osintxun Gureak enpresaren parte den Guregas-ek zeukana, berriz, itxi egin dute. Gabonetan izan da hori, baina lehenagotik jakinekoa zen ixtekotan zebiltzala. Hala, abenduan ordutegia murrizten hasi ziren eta Gabonetan ingurua prezintatu eta zerbitzua emateari utzi egin diote. Krisia izan da, kasu horretan, zerbitzu hori eteteko arrazoi nagusia.