Oso azkarra izan da San Silbetre Trail probako lehen edizioa. Pentsa, aurreko taldeak lehenengo kilometroa 3 minutu eta 30 segundoan egin du. Hala, Imanol Larrañagaren eta Iñigo Larizen arteko lehia izan da, helmugan azkoitiarrak 8 segundo atera dizkio-eta elgoibartarrari. Igotzen Lariz hobea, aldapa beherako tartean abantaila hartu du Larrañagak, eta azken kilometroan abiadura puntu azkarragoa erakutsita irabazi du proba. Hirugarren, ostera, Iñigo Alzola arrasatearra izan da (27.13).Emakumezkotan Ainhoa Lendinezek ez du borroka horren estua izan (33.02), Miren Otzeninjauregiri ia bi minutuko tartea atera dio-eta. Hirugarren, ostera, oñatiar bat, Saioa Arkonada (35:30).
Urtea amaitzeko modu ona
Aurrealdekoen borrokatik aparte, herri mailako kirolari askok gozatu ona hartu dute mendian korrika eginez. Askorendako mendi lasterketetan estreinaldia izan da, eta gaurko distantzia aproposa zen horretarako. Bergarako korrikalari guztiak omendu gura izan dituzte Hankaluzetrail taldeko antolatzaileek, eta horretarako Bergarako onenak saritu dituzte: Jon Rivero –sailkapen orokorrean laugarren– eta Ana Balentziaga. Baina, bailarako gainontzeko herrietatik ere atleta asko gerturatu dira probara. Antolatzaileen esanetan, "denak izan dira gaur irabazle". Ospatzeko, turroi eta polboroi faltarik ez da egongo.