Herrizaingo sailak emandako informazioaren arabera, Durangoko ertzain-etxeko agenteek egindako ikerketei esker, Durangaldean hainbat substantziarekin trafikatzen zuen gizon bat atxilotu eta kartzelaratu dute.
Gizonak Bergarako baserri bateko eranskina alokatu zuen, eta, han aurkitu zituzten ertzainek drogak eta hauek banatzeko tresnak.
Durangoko ertzain-etxeko agenteek egindako ikerketei esker jakin zuten beste delitu batzuengatik ikertzen ari ziren gizon batek substantzia estupefazienteekin trafikatzen zuela Durangaldean. Hala, ertzainak Bergarako baserri bateraino iritsi ziren, ustezko trafikatzaileak droga gordetzen baitzuen han. Zehazki, baserriko beheko aldeko geletako bat alokatu zuen droga biltzeko.
Baserria joan den larunbatean miatu zuten epailearen aginduz. Hala, ertzainek susmoak baieztatu zituzten, hainbat paketetan 2 kilogramo speed baino gehiago, ia 700 pilula anfetamina, 14 kilo marihuana kukulu eta ia kilo erdi haxix aurkitu baitzituzten.
Gainera, termo-zigilatutako berrogeita hamar bilgarri inguru, hutsean zigilatzeko gailu bat eta baskula elektroniko bat aurkitu zituzten. Ertzainek uste dutenez, atxiloak substantziak paketatzeko eta banatzeko erabiltzen zituen.
Usteko trafikatzailea, 30 urtekoa eta delitu-aurrekariak dituena, atxilotu egin zuten osasun-publikoaren kontrako delitu bat egotzita. Polizia-izapideak amaitu ondoren, atzo, domeka, arratsaldean, Durangoko guardiako epaitegira eraman zuten eta han kartzelaratzeko agindua eman zuten.