Musika Eskolakoen emanaldia
18:30eko kontzertuan, eskolak dituen taldeek hartuko dute parte: suzuki taldeak, txistu taldeak, akordeoi taldeak, hasiberrien abesbatzak, haurren abesbatzak, Orkestra Sinfonikoak, big band taldeak, trikiti taldeak eta gazte bandak. Ikasle guztientzako, ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera bikaina izango da.
Talde bakoitzak bere pieza joko du, eta kontzertuaren bukaeran ikasle guztiek batera, 350 bat musikarik, Miguel Gonzalez Bastidaren omenez Belengo estalpe txiki batean interpretatuko dute.
Gaurko emanaldiko sarrerak Musika Eskolan eta pilotalekuko txarteldegian eskura daitezke, gazteenak 2 eurotan eta nagusienak, aldiz, 4 eurotan.
Klasikoetan klasikoena
Duela 34 urte egin zuten lehen Gabonetako kontzertua Bergaran. "Inguruetako lehena izan zen", dio Igor Larrañagak, Udal Musika Bandako kideak. Urteen poderioz, kontzertua gorpuzten joan da, eta bihar, 22:30ean, Udal Musika Bandak, Aritzeta Abesbatzak, Bergarako Orkestra Sinfonikoak, Bergarako Orfeoiak eta Orfeoi Gazteak hartuko dute parte. Sarrerak Bergara.net-en eta kultura etxean eros daitezke.
Gabonetako kontzertua den arren, emanaldiek ez dute Gabonekin lotura zuzenik. "Aquiarius eta Let the sunshine in eskainiko ditugu", esan du Orfeoiko lehendakari Karlos Etxanizek. Aritzetak, Loriak Udan eta Ubi Caristas abestu eta gero, Guantanamera abestiarekin epelduko du kontzertua. Orkestra Sinfonikoak, aldiz, Brave filmaren soinu banda joko du eta bandak, La quintessenza. Talde bakoitzak hamabost minutu inguruko emanaldia egingo du.
Kontzertua guztiek batera borobilduko dute: ohitura bilakatu diren Hator hator eta Adeste fideles abestu eta gero, aurten El príncipe Igor eskainiko dute.