Bergarako musika eskolako kideek Gabon kontzertuarekin amaituko dute urtea

Ander Larrañaga 2014ko abe. 15a, 09:46
Kontzertua Udal Pilotalekuan izango da.

Aurten ere, Gabonetako kontzertua eskainiko du Bergarako Musika eskolak urtea agurtzeko. Txikienetatik hasita, ikasle helduxeagoetara pasata, orotariko instrumentuak eta abesbatzak izango dira protagonistak. Emanaldia egubakoitzean, hilak 19, izango da, 18:30ean hasita, frontoian.

Urtero legez, musika eskolako txikienek zabalduko dute kontzertua; hiru urteko biolineko 30 ikaslez osatutako Suzuki taldeak pieza bat joko du. Izan ere, aurten lehenengokoz, musika tailerreko ikasleek perkusioarekin lagunduko dituzte.

Txistuekin jarraituko du emanaldiak eta Maite Sagastibelza irakasle berriaren gidaritzapean bi abesti joko dituzte. Ondoren, akordeoi taldearen txanda izango da eta horko kideek beste pieza bat joko dute.

Hasiberrien abesbatzakoek bi kantu abestuko dituzte: bata, akordeoien laguntzarekin, eta bestea, pianoarenarekin. 70 haur daude abesbatza horretan, bost eta bederatzi urte bitartekoak.

Bestetik, aipatzekoa da orkestra sinfonikoak aurten zuzendari berria estreinatuko duela. Jose Miguel Laskurainen taldekoek Wolfgang Amadeus Mozarten eta Gustav Holst musikagile ezagunen pieza bana interpretatuko dituzte, hurrenez hurren.

Jarraian, trikiti taldeak Mikel Urdangarinen kantu bat eta Trikitilariak Gara kantu herrikoia joko dute. Ostean, haurren abesbatzarekin jarraituko du emanaldiak. Abesbatza hori, bederatzi eta hamabi urte bitarteko 60 ikasle inguruk osatzen dute, hain juxtu. Horiek, Xabier Sarasolaren hiru Gabon kanta interpretatuko dituzte soka-taldearen eta flautaren laguntzaz.

Gazte bandak, Jacob de Haan-en Hanseatic Suite abesti ezaguna joko du; lau zati ditu obra honek. Laskurainek zuzentzen du banda hau ere eta ia 60 kidek osatzen dute.

Gonzalez Bastida omenduz

Urteon, Bergarako Udal Banda zuzentzen zuen Miguel Gonzalez Bastida musikagile eta organo-jolea hil zela urtebete egin du  Hura omentzeko, Belengo estalpe txiki batean Gabon kanta interpretatuko dute musika eskolako ikasle guztiek elkartuta.

Amaitzeko, Gabonetako kontzertu emanaldia ixteko musika eskolako martxa joko dute. Beraz, horrekin guztiarekin, agurtuko dute urtea musika eskolakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak