Napar Feria, Gabonetako produktuen saltoki bikaina

Imanol Gallego 2014ko abe. 12a, 08:42

Iazko Nafar Feriaan jendea produktuak erosten.

Erroskilla, barkillo, turroi, txokolate, ogi, gazta, patxaran, foie-gras, ahate konfit, artisau produktu garrapiñatuak... hilaren 20an, San Antonioko plazatxoa eta haren inguruak kalitatezko produktuz beteko dira. 10:30ean zabalduko dute feria, eta, ordu horretatik aurrera, jendeak azokaren inguruak beteko ditu.

Abenduko eguraldi hotzak garrantzirik izango ez balu bezala, Napar Feriak jende asko erakartzen du, eta Gabonetako otorduetarako erosketak egiteko eguna izan ohi da. Azokan bertan egongo den tabernan, gainera, salda eta txorizo-pintxoa nahiz trago bat hartzeko aukera izango da, eta, urtero bezala, erosleek gustura egingo dute geldialditxoa han, barruak apur bat berotu ahal izateko.

Gabonetako postal lehiaketa

Gaztetxoek ere euren tokia izango dute. Gabonetako postal lehiaketaren hamargarren sari banaketa 12:30ean egingo da. Gogoan izan behar da lehiaketan 3 eta 12 urte bitarteko gazteek parte har dezaketela eta postalak Gure Ametsa elkartera eroan behar direla hilaren 19ko 19:00ak baino lehen. Irabazleek eta parte-hartzaileek jasoko dituzten sari eta oroigarrien ostean, neska-mutikoek, poneyen gainean ibiltzeko aukera izateaz gain, zezentxoak tentatu eta eurentzako prestatutako jolasetan parte hartzeko aukera izango dute.

Patatak saiheskiarekin

San Antonioko VII. sukaldaritza txapelketa ere jokatuko da. Herriko hainbat elkartek parte hartuko dute, eta goiza patatak eta okela prestatzen emango dute. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu eta 13:00etan jakingo da zein elkartek eroaten duen lehiaketako txapel preziatua. Irabazlearekin batera, hurrengo bi sailkatuek ere Naparbideak eskainitako produktu sorta bat jasoko dute.

Azoka edo festa

Azokak ateak zabaldu eta gero, 11:30ean kaperan meza egingo dute. Horren ostean, festa eta algara kalera pasatuko da.
Azken urteetan bezala, Alai taldeak 13:00etan musika jarriko dio ospakizun herrikoi horri. Kaleak alaitzeko lan horretan, baina, herriko Alai taldea ez ezik, Angie DJa ere egongo da. Hain zuzen, 10:30ean ekingo dio Angiek feria eta auzoa bera alaitzeko lanari, eta, bi orduz, doinu tradizionalak dantzagarriagoekin tartekatuko ditu.

Ohiturari eutsiz, goiza amaitu bezain pronto, eta herritarrek etxerako bidea hartzen duten bitartean, antolatzaileek, saltzaileek, epaimahaikideek eta sukaldaritza lehiaketako parte-hartzaile guztiek bazkaria egingo dute. Otorduan, goizean zehar prestatu dituzten patata goxoak jango dituzte; bada, seguruenez, herritarrek bezala, haiek ere bazkaloste animatua izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak