Orain arte, urteko azken eguna kirol apur bat eginez amaitu gura zuenak Oñatin eta Eskoriatzan zituen asfaltoko San Silbestreak, baina Bergaran mendira egingo dute salto: "Uste dugu Euskal Herrian egiten diren San Silbestreen artean bakarra dela mendian egingo dena", diosku antolatzaile lanetan dabilen Xabier Lijok, eta urte bakarreko kontua izan barik, lasterketa egonkortzea nahi dute: "Ea zer moduz doan lehenengo edizio hau, baina asmoa da urtero egin ahal izatea. Horrekin batera, aurrera begira baditugu beste asmo batzuk, baina poliki-poliki joatea komeni".
Aurrez, behintzat, antolatzaileen aurreikuspenak onak dira, dagoeneko 120 lagunek eman dute-eta izena (www.kirolprobak.com): "200 lagunendako tokia aurreikusi dugu, eta jendeak interesa erakutsi du. Seguru giro ona egongo dela lasterketan zehar, eta baita Bergaran ere".
"Denetik du ibilbideak"
Lasterketari dagokionez, Lijok ibilbidea azpimarratu du: "Denetik dauka, hasierako ia hiru kilometroak korrika egitekoak dira, eta gero tarte txiki batean gehienak oinez joango dira, baina 4-5 minutuko kontua baino ez da izango. Gainera, asfaltoa, hartxintxarrak, belarra, lokatza... Denetik dago. Teknikoki ez da oso zaila, baina zorua bustita badago kontuz belarretatik egingo duten jaitsieraz. Jaitsiera oso polita da, belarretakoa zona azkarra da, eta belar bustia badago, adi".
Hankaluzekoak, lanera
Lasterketa antolatzen Hankaluzekoak ibiliko dira: "Gutako inork ez du parte hartuko, eta antolaketa lanetan ibiliko gara". Urte osoan lasterketetan batera eta bestera ibili ostean, etxean lanean egon behar: "Orain pare bat urte jaio zen taldea gara, izan ere, konturatu ginen Bergaran bazela jendea mendian korrika aritzen zena, baina nahiz eta korrikalari dezente izan ez genuen inolako talderik. Gauzak horrela, Pol-Pol mendizale talde barruan sortu genuen gure saila. Talde moduan joaten gara lasterketa askotara, edo bestela elkarrekin korrika egitera joateko batzen gara. Batzuk proba luzeak gura izaten dituzte, beste batzuk motzetan ibiltzen dira, denetik dago, eta taldeko ateak zabal-zabalik daude animatu gura duenarendako".