Egurrak gordetzen dituen artelanak ezagutzeko erakusketa

Imanol Gallego 2014ko abe. 5a, 10:49

Taila eskolako zenbait kide, eskuetan euren lanak dituztela.

Egur totxo bat, gaztainondoa,  gereziondoa, haritza... herritar gehienentzat egur zati bat ez dagoen tokian, herriko taila eskolako kideek artelan bat argitaratzeko aukera bat ikusten dute.

Zuhaitzaren azalaz harago egurrak gordetzen dituen sekretuak azaleratzeko gai dira, eta gaurtik aurrera Aroztegi aretoan erakutsiko dituzte aurten egindakoak. Seigarren erakusketa izango den honetan, urte hauetan lortutako eskua eta trebezia erraz ikus daitezke. "Urtetik urtera apur bat ikasten dugu", dio taila eskolako kide batek.

Gertuko gaiak

Argizaiolak, herriko txokoak, kutxak, eguzki-loreak... etnografia museo bat izango balitz bezala, tailagileek gertuko paisaia eta tresnak landu dituzte. "Gehienak pieza bakarretik ateratako lanak dira, baina harpa, adibidez, pieza ezberdinez osatuta dago", esan du Jose Iturrospek. Gehienak lan figuratiboak dira, eta, artelan erakusketa bat den arren, herrikideek egindako esfortzuaren lana gertutik ikusteko aukera ezin hobea da.

Taila eskolako kideek egindako mostrak hilaren 22a arte beteko du Aroztegi aretoa, eta, euren lanez eratutako mostra denez, asteon, eskolako kideek mimoz prestatu dute erakusketa aretoa. Aroztegin, baina, ez dira herriko lanak soilik egongo.

Gonbidatu berezia

Jose Luis Lasa eskultorearen lanak ere egongo dira Aroztegi aretoan. Zarauzko eskultoreak tamaina askotariko hamabost lan eroan ditu. "Obaloa da protagonista", dio Lasak. Lan horietan egurra protagonista den arren, zarauztarraren lanetan hutsuneak protagonismo handia dauka.

"Kilometroetan Javier Gantxegi ezagutu eta gero jaso nuen Bergarara etortzeko gonbita", esan du Lasak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak