Mobilizazioekin jarraituko dute Candyko langileek ez direlako akordio batera iritsi

Ander Larrañaga 2014ko abe. 4a, 15:14
Gaur eguerdian, Candyko langileak.

Beste behin batu dira gaur Bergarako Candy Hooverreko langileen ordezkariak enpresako zuzendaritzarekin enpresaren itxiera dela-eta. Langileek aurtengo kontuetan irabaziak dituztela leporatu diete zuzendaritzakoei; hauek onartu egin dute, baina, aurreko urteetako kontuetan galerak izan zirela erantzun diete. Langileek diotenez "horrek frogatzen du urduri daudela eta enpresak bideragarri izaten jarraitzen duela". Proposamen bat egin diete enpresa buruek langileei, baina, azken horiek ez dira ados agertu.

Aurtengo kontuak ikusita, enpresako langileek hilabeteroko kontuak eskatu dizkiote zuzendaritzari eta kontu horiek ez dituztela erantzun diete. "Guretzat hori adar-jotze bat da. Arraroa da halako multinazional batek hileroko konturik ez egitea", adierazi du Jesus Markezek, LABeko ordezkariak.

Zuzendaritzak proposamen bat egin die: diru kopuru handiagoa emango diete eta bost lanpostu mantenduko dituzte Bergaran. Baina proposamen horrekin ez dira ados agertu eta enpresa Txinara eramatea "erabaki politikoa" dela gaineratu du Markezek.

Mobilizazio gehiago

Bestalde, datorren asteartean, abenduaren 9an, kontzentrazioa egingo dute Bergarako plazan, sindikatuen, eragile sozialen eta talde politikoen atxikimendua jasotzen ari direlako. Horretaz gainera, eguenean manifestazioa egingo dute euren eskubideen alde, Bergaran, 18:30ean. Egubakoitzean berriro batzartuko dira langileriaren ordezkariak zuzendaritzakoekin, baina, printzipioz, mobilizazioekin jarraituko dutela azaldu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak