Defentsan ahul agertu ziren bergararrak hasieratik, urduri, eta huts asko eginez. Hala, zuloak topatzen zituzten han eta hemen gasteiztarrek eta gol zaparrada jaso zuten etxekoek. Gure Auzunekoak, ostera, defentsa lanetan sendo agertu ziren, baloiak berreskuratzen argi, eta kontraerasoetan asmatzen. Eta bergararrek golak egiteko zailtasunak zituzten. Muniategik pazientzia eskatu zien hainbat aldiz mutilei jaurti aurretik pentsatzeko, eta haserretu ere egin zen akats onartezinak egin zituztelako. Hala, atsedenaldira 12 puntuko aldearekin joan ziren, 9 eta 20.
Aldea ezin murriztu
Lehenengo zatian egindako huts berberak agertu ziren atsedenalditik itzulitakoan ere: baloiak samur galdu eta jaurtiketetan asmatu ez. Partiduak aurrera egin ahala gasteiztarrak lasaitu egin ziren apur bat eta behera egin haren jokoak. Orduantxe aprobetxatu zuten aldea murrizteko etxekoek eta hiru gol jarraian egin. Baina, ilusioa besterik ez zen izan. Bukaeran 24 eta 35, eta entrenatzailea ulertu ezinik zegoen: "Jokatzen badakitela erakutsi behar dute mutilek, eta horretan ez badute asmatzen ezingo dugu irabazi".
Denboraldia aurrera doa eta hamar partidutatik hiru bakarrik irabazi ditu Soraluze Bergarak. Datorren astean atsedenaldia dute eta hurrengoan Bilbora joango dira, Escolapios taldearen etxera. Bi asteotan egiteko asko dute: lanean gogor jarraitu eta bolada txarrari zelan eman buelta hausnartu.