Hirugarren urtez autokarabanen bisita

Imanol Gallego 2014ko aza. 28a, 08:36
Errubera gainean iritsiko diren bisitariek herria ezagutuko dute.

Labegaraietako autokarabanen guneak bisitari ugari jasoko ditu aste bukaera honetan, Bergarako Udaleko Turismo Sailak Sorbeltz elkartearekin batera ekitaldiz beteriko bi egun antolatu ditu-eta. Hirugarren urtez, domekara bitartean, Euskal Herri osotik etorritako pertsonak batuko dira Labegaraietan.

"Bergaran oso harrera ona egin digute beti, eta horregatik errepikatzen dugu", dio Sorbeltz elkarteko Ramon Berrocosok. Herriko turismo eskaintza, kokalekua, zerbitzuak... autokarabana-zaleen elkartetik Bergarara etortzeko zerrenda luzea dute; hala ere, hobekuntzak ere proposatzen dituzte. "Gunea herrigunetik gertuago egotea nahiko genuke, herriko dendez eta eskaintzaz hobeto gozatzeko", argitu du Berrocosok. Dena den, Udalak euren eskura jartzen dituen baliabideei esker, Bergara "gertuago" dagoela diote.

Herriko eskaintza

Urte hauetan, Turismo Sailak bisitari mota guztiak erakartzeko ahalegin berezia egin du. "Bergara turistendako herri interesgarria da", dio Turismo teknikari David Zapirainek.

Labegaraietako gunean egongo diren bisitariek turismo-bonuak eskuratzeko aukera izango dute. "Nahi dutenek, autokarabana bakoitzeko 5 euroko bonu bati esker, herriko dendetan beherapenak izateaz gain, herri autobusa nahi beste erabiltzeko aukera izango dute", dio Zapirainek.

Nahi dutenek, gainera, zapatu goizean doakoa izango den herriko lorategi historikoak ezagutzeko bisita egiteko aukera izango dute. Goizean herria ezagutu ostean, bere gastronomian ere sakonduko dute. Bihar erreileno eta tostoien eguna ospatzen dela kontuan izanda, askok arratsalde partean plazarako bidea hartuko dute.

Bailara ezagutzera

Errubera gainean iritsiko diren bisitariak, baina, ez dira herrian egotera mugatuko, domekan Elgetara igoko dira-eta. Gerra Zibila Euskal Herrian oinarri hartuta, Intxorta mendiaren magalean izandako frontearen hainbat xehetasun ezagutzeko aukera izango dute. Ibilbidea Elgetako Espaloia Kafe Antzokitik abiatuko da; lehendabizi, Interpretazio Gunea bisitatuz eta ondoren 5 kilometroko ibilbide tematikoa oinez eginez. Bisita horrekin, agur baino gehiago, autokarabana-zaleek gero arte esango diote Bergarari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak