Lesakakoek indartsu ekin diote lehen zatiari, Bergarakoen atera arriskuz gerturatuz, baina segituan pasa da jokoa zelaiaren beste erdira. Hegaletatik aurkariaren areara iristen ondo asmatu du etxeko taldeak, baina erdiratze ugari egin arren ez du golik lortu. Arratek aitortu du azken jardunaldietan ere horixe izan dela euren arazo nagusia, eta horregatik, erasoan hobetzea finkatu dute erronkatzat.
Luzapenean, Beti Gazteko bi jokalarik min hartu dute, eta bederatzirekin amaitu dute lehen zatia. Dena den, atsedenak mesede egin die bi taldeei, eta bigarren zatian joko bizia eta jokaldi landuagoak ikusi ahal izan dituzte Agorrosinera gerturatutako zaleek. Horrez gain, bi taldeek aukera garbiak izan dituzte, batez ere etxekoek. Tentsioa eta norgehiagoka estua azken uneraino mantendu bada ere, inork ez du jokaldiak golez amaitzerik izan, eta hutsean berdindu dute norgehiagoka.
Aipatzekoa da, baita ere, bi atezainek egindako lan ona, jokoan sortu diren gol aukerei ondo erantzuten jakin baitute, eta geldialdi politak erakutsi dituzte.