Gabonetarako kiroldegian ze jolas nahi dituzten erabaki dute umeek

Monika Belastegi 2014ko aza. 21a, 13:18
Taldetan banatuta egin zituzten proposamenak neska-mutikoek egubakoitzean, osoko bilkuren aretoan.

Aurreko egubakoitzean Udaleko Gazteria eta Hezkuntza arduradunek herriko neska-mutikoekin egindako batzarrak eman ditu fruituak.

Gabonetako oporretan zer egotea nahi duzu? galderari erantzuna emateko batzarra egin zuten udal ordezkariek Lehen  Hezkuntzako 9 eta 12 urte arteko neska-mutikoekin eta galderak dagoeneko badu erantzuna: urtarrilaren 3an, 4an, eta 5ean —egun horretan goizez bakarrik— Labegaraietako kiroldegia jolasgune bilakatuko da adin tarte horretako gaztetxoendako, eta, besteak beste, tirolina, zezen mekanikoa, eskulan tailerrak eta dantzarekin lotutakoak egongo dira, gaztetxoek hala erabakita.   

Herriko hiru ikastetxeetako –gonbidapena ikastetxeen bitartez egin zitzaien gaztetxoei– 38 neska-mutikok hartu zuten parte osoko bilkuren aretoan egindako batzarrean, eta, taldeka jarrita, idatziz zein marrazki bidez azaldu zituzten euren proposamenak.

Egoki baloratu dute ekimena

Gaztetxoek oso ondo baloratu zuten bileran Udalak euren iritzia eskatu izana eta eurekin batera Gabonak planifikatzea. Udaletik, bestalde, Leire Iruin Gazteria eta Hezkuntzako zinegotzia eta Nagore Narbaiza sail horretako teknikaria izan ziren bileran eta eurek ere bileraren oso balorazio positiboa egin dute: "Umeek jarrera positiboa eta parte-hartzailea azaldu zuten", esan du Nagore Narbaiza teknikariak. 

Parte-hartze kultura hedatu

Udaletik aurreratu dutenez, batzar hori egitea erabaki zuten umeak eurak izan zitezen protagonista Gabonetan antola daitezkeen ekintzak erabakitzeko orduan. Baina beste helburu sakonago bat ere badu egitasmoak: umeen artean herri dinamikan parte hartzeko kultura zabaldu nahi dute Udaletik, "eta horretarako ezinbestekoa da txikitatik hastea", esan dute udal arduradunek. "Argi daukagu parte hartuz ikasten dela parte hartzen", azpimarratu dute.

Helburua hori izanik, eta egubakoitzeko bileraren balorazio positiboa egin ostean, aurrera begira halako batzar gehiago egingo dituztela aurreratu dute Udaleko Gazteria eta Hezkuntza Sailetik.

Gabonetan ekintza gehiago

Umeen Gabonetako oporretako  aisialdi eskaintza oparoa izango da aurten. Esandako 9 eta 12 urte arteko gaztetxoendako kiroldegiko guneaz gain, beste bi gune ere egongo dira, 8 urtera arteko neska-mutikoendako.

Alde batetik, eta berrikuntza moduan, Martinez de Iralako gimnasioan tailerrak eta ikuskizunak egongo dira abenduaren 26tik 30era bitartean. Jardun euskara elkarteak kudeatutako txokotan banatuta, globoflexia, sukaldaritza eta makillajea bezalako tailerrak egongo dira eta horren guztiaren osagarri, egunero, 18:30ean, ikuskizun bat.

Beste alde batetik, urtarrilaren 2tik 4ra urteroko jolasgunea jarriko dute Udal Pilotalekuan, hori ere 8 urtera artekoendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak