Urtero moduan, eskolako paretetatik musika aterako dute, eta gurasoen laguntzarekin, zaindariaren eguna gainontzeko herritarrekin partekatuko dute. Eguenean ez da klaserik egongo, eta eskolak, egun horretarako ekintza bereziak antolatu ditu.
Musikak girotutako eguna
Arratsaldeko 17:30ean Gazte Bandarekin batera musika eskolatik irtenda ikasle guztiek kalejiran joango dira. Ordu berean, eskolako trikitilari eta txistulariak ere kaleak girotzera irtengo dira.
Bi taldeak toki beretik irtengo diren arren, norabide ezberdinak hartuko dituzte. Banda San Martin plazara joango da, eta bien bitartean, trikitilari zein txistulariek, herriko kaleetatik zehar diana joko dute.
Tradizioari eutsiz, herriko musikariek, euren zaindariaren eguna, herritarrei musika oparituz ospatuko dute.
Doinu, erritmo eta alaitasunak herriko kaleak kutsatu eta gero, San Martin plazan ekitaldi txiki bat egingo dute guztiek elkarrekin. Santa Zeziliaren omenezko arratsaldeari amaiera emateko, plazan, guztientzako txokolatada erraldoia egongo da.