Iaz egindako lehenengo edizioa arrakastatsua izan zen, eta orduan eguraldiak ez zuen batere lagundu. Asteburuan, berriz, ona dator: "Eta gainera aurten gure lasterketak ez du mundialaz bat egiten, eta aurreikusten dugu parte-hartzaile kopuru polita etorriko dela. Burgosen, esaterako, 150 lagun inguru batu ziren", adierazi du antolatzaile lanetan dabilen Maribi Berraondok.
Lau modalitate
Bai zapatuan eta bai domekan lau modalitatetan banatuko dituzte lasterketak: txakur-krosa, bi txakurrek tiratutako patinak, txakur batek tiratutako bizikleta eta lau txakurrek gidatutako gurdia (5 kilometroko zirkuituan). Eta, domekan txakur krosa 7.5 kilometroko zirkuituan egingo dute: "Txakurrek tenperatura baxuak behar dituzte ondo moldatzeko, eta baliteke zapatukoa beranduago hastea".