Candyko Enpresa Batzordeak egueneko manifestaziora batzeko eskatu die herriko eragileei

Jon Berezibar 2014ko aza. 11a, 09:08

Egueneko manifestaziorako deitu eta  Bergarako lantegiaren jarduerari eta lanpostuei eusteko eskaerarekin bat egin dezaten eskatu die Candy Hooverreko Enpresa Batzordeak herriko eragile politiko eta sozialei.

Zabaldutako ohar baten bidez, Candy Hooverreko Enpresa Batzordeak beste behin ere lantegiaren itxieraren aurkako arrazoiak azaldu eta euren eskaerekin bat egiteko eskatu diete Bergarako eragileei; lantegia Txinara eroateko erabakiak irabazi asmo hutsei erantzuten diela-eta, "Bergarako herriaren kaltetan".  Berretsi dute, horrek, enplegaturiko 150 pertsonari eta plantilla osatzen duten 173ei eragiten diela.

 


Candy Hooverreko Enpresa Batzordearen idatzia:

 

BERGARAKO HERRIARI

Bergarako herria, berriro ere, bere enpresa enblematikoenetako baten itxieraren atarian aurkitzen da.

1941an, herriko bizilagun batzuk Mayc sortu zuten, hainbat produktu ekoiztuz eta komertzializatuz: 50. hamarkadan, OTSEIN markaren eskutik, garbigailu automatiko bat ekoizten zuen sektoreko lehen enpresa bihurtu zen, 500 pertsonatik gora bertan lanean aritu zirelarik.

1992an, CANDY multinazional italiarrak Mayc enpresa erosi zuen eta jarduera industriala mantentzeko eta produktuan inbertitzeko konpromisoa hartu zuen.

Martxan izan den 22 urteotan Bergarari garapen ekonomikoa ekarri dio, eta aldi berean beraiek etekin borobilak atera dituzte.

Orain Bergarako lantegia DESLOKALIZATU egin nahi dute Txinara eramateko, euren etekinei lehentasuna emanaz Bergarako herriaren kaltetan.

Erabaki honek enpresan diharduten 173 pertsonetatik 150 pertsona kale gorrian utziko ditu.

Hau dela eta, Candy Hoover-ko Enpresa Batzordeak, langile guztien izenean, Bergarako erakunde politiko eta sozial guztiei honakoa eskatzen die:

  •  Bergarako Candy enpresak bere jarduera industrialarekin jarrai dezan azaltzea zein lanpostu guztien mantentzearen alde, multinazionalaren erabakiarekiko errefusa plazaratuz.
  • Enpresa Batzordeak azaroaren 13rako plazaratutako manifestaldiarekin bat egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak