Proiekzioetan, gainera, Bergarako zein kanpoko mendizaleek egindako lana ikusteko aukera egongo da eta protagonistak eurak ere bertan egongo dira, azalpenak emateko eta herritarren galdera eta zalantzak erantzuteko.
Parte hartuko duten mendizaleak dira: Jon Berasategi, Mikel Linazisoro, Benito Cantero, Javier Camacho eta Alex Txikon –ondoko taulan ikus daiteke zein egunetan egongo den bakoitza eta landuko duen gaia.
Beteranoen irteera
Irteerari dagokionez, azaroaren 16an izango da, eta egun osoko irteera izango da. Honako ibilbide hau egingo dute Pol-Poleko beterakoek: Buradon-Gatzaga-Toloño-Ribas de Tereso. 08:00etan abiatuko dira Fraiskozuritik eta bidaiaren eta bazkariaren prezioa 35 euro da. Interesatuek izena elkartearen bulegoan eman beharko dute, edo 943-76 48 51 telefono zenbakian.
Bulegoa astelehenetik eguaztenera egoten da zabalik, 19:00tatik 20:00etara.
Egitaraua
Emanaldi guztiak Irizar jauregian izango dira 19:30ean hasita.
Azaroak 10, astelehena: 10 bidai, 10 mundu. Jon Berasategi (Bergara)
Munduan barrena egindako trekkingetan ikusitako mendi, aurpegi, animalia eta paisaiak erakutsiko ditu. Andeak, Sahara, Karakorum eta Himalaia, esaterako.
Azaroak 13, eguena: Elurra eta harkaitza. Mikel linazisoro (Bergara)
Pirinioak izan ziren bergararraren lehen eskola, bai eskiatzen, baita eskalatzen ere. Hori gaindituta, haren ibilbideak ez du mugarik.
Azaroak 17, astelehena: Manaslu, espirituaren mendia. Javier Camacho (Iruñea)
Manasluri buruzko zenbait argazki erakutsiko ditu, mendi hori igotzeko egin zuen espedizioaren bideo zati batzuekin batera.
Azaroak 17, astelehena: Dolomitak. Benito Cantero (Bergara)
Batzuek diote munduko mendirik ederrenak direla, baina Canterok baieztatu egiten du hunkitu egiten dutela, eta, imana balute bezala, erakarri.
Azaroak 19, eguaztena. La gran torre del trango. Alex Txikon (Lemoa)
5.200 metrora zela, munduko pareta bertikal garaiena ez igotzeari zergatik uko egin zion kontatuko du eta Torre Sin Nombrez ere arituko da.