Vaumm enpresako Jon Muniategiandikoetxea arkitektoak azaldu zuenez, euren proposamena hiru zutabetan sostengatzen da: Ondarearen errespetuan, askotariko erabilerak izango dituen areto bat sortzean eta jasangarritasun ekonomikoan.
Hurrengo pausoak
Datozen asteetan udaleko kultura arduradunak, herriko kultura eragileekin batuko dira. "Euren iritzi eta ekarpenak batu nahi ditugu", dio kultura zinegotzi den Leire Iruinek.
Zinegotziak argi dauka, areto hau ez dela herritarrek askotan eskatu duten antzokia izango, baina herriak dituen behar asko aseko ditu: zinea, ikuskizun txikiak... "Orain arte bezala ikuskizun handiak frontoian egingo dira", argitu du kultura arduradunak. Herritarrek aurreproiektua hobeto ezagutu dezaten, bi astez, udaletxeko lehen solairuan ikusi ahal izango dute.
Lanaren epeak
Aurreproiektua aurkeztuta, eta kultura taldeekin egingo den prozesuaren ostean, otsailerako proiektua idatzita izatea espero dute. "Apirilerako lanekin hastea da gure asmoa", esan du Iruinek.