Lehenengo edizioa Erroman ospatu zen 2007. urtean eta horren ondoren, Bartzelonan, Londresen, Tesalonikan, Zaragozan eta Eibarren ere egin dute, besetak beste.
Bergarako topaketa abenduaren 21ean, 22an eta 23an izango da eta datorren egubakoitzean, hilaren 7an aurkezpen ekitaldi berezia egingo dute, kartzela zaharrean.
Hain justu, 20:30ean, afari beganoa egingo dute eta ondoren, Eibarren egindako Tattoo Circusen gaineko bideoa ikusteko aukera egongo da. 22:00etan, berriz, kontzertua egingo dute Perlak eta Pobresiak izeneko taldeek.
Afariaren prezioa 5 euro dira eta kontzertuarena, 3; bietara joanez gero, baina, prezioa 6 eurokoa izango da.
Txartelak dagoeneko salgai jarri dituzte Arrano, Pol-Pol eta Kortazar tabernetan. Batutako dirua abenduan egingo den Tattoo Circusa finantzatzeko erabiliko dute.
Erantzun alternatiboen bila
Tattoo Circus presoekiko elkartasunaren alde lan egiten duen taldeen topaketa bat da. Bertan batzen diren taldeek "zigorrean oinarritutako politika kriminalen aurrean, erantzun alternatiboak bultzatu" nahi dituzte. Eta argi daukate, "gizartea dela botere egitura horien aldaketarako motorra".
"Eztabaidatu, landu, erremintak sortu… horretarako guztirako bilduko gara", diote bultzatzaileek. Azken baten, "adierazpen askatasunaren eta parte-hartze politikoaren arteko loturak indartu" nahi dituzte, "tatuaiaren kultura eta kartzelen aurkako borrokak batuz".
Era berean, proiektu horretan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak eta azaroaren 7ko aurkezpenera gonbidatu.