"Azken urteko ibilbideak argi utzi du komertziook elkarlanean hainbat gauza lor ditzakegula. Bedelkarretik, Udalarekin elkarlanean, hausnarketa-prozesu bati ekin diogu. Hausnarketa horretatik ondorioztatu da Bedelkar indartu beharra dugula, horrekin herriko merkataritza indartzen baita. Horregatik, Bedelkarreko funtzionamenduan aldaketa batzuk egitea onartu da", adierazi du Bibi Andueza Bedelkarreko lehendakariak.
Bergara Bizi ekimena, orain, Bedelkar eta Udalaren eskura pasa da. Orain arte Bedelkarrek antolatutako ekintzak bertako bazkideengana mugatu izan dira; hemendik aurrera, berriz, urtean zehar Bergara Bizi plataformaren bitartez, komertzio guztientzat zabalik egongo dira. Bazkide ez direnen kasuan, Bergara Bizi plataformako e-postatik zabalduko zaie informazioa, eta haiek interesa izanez gero, izena eman ahal izango dute eta parte hartu ahal izango dute kanpainari dagokion kouta ordainduta.
Bedelkarren helburuak hurrengo urterako
Helburu hauek ditu Bedelkarrek hurrengo urterako: herrian kontsumitzeari buruzko sentsibilizazio kanpainak bultzatzea; bezeroen fidelizazioa lortzea; komertzioek dituzten beharretarako formazioa eskaintzea, berrikuntzan oinarrituta egongo direnak; eta, herria dinamizatu eta bertan dagoen eskaintza ezagutzera ematea.
Bedelkarreko bazkideak gehitzeko kanpaina abian
Bedelkarrek bazkide berriak lortzeko kanpaina bat jarri du martxan, izan ere, adierazi dute argi dutela "zenbat eta bazkide gehiago izan, aukera gehiago" izango dituztela; bai diru-laguntzak lortzeko orduan, bai ekintza ikusgarriagoak antolatzerako orduan ere.
Gabonetako kanpaina herrian erosteko
Herriko komertzioetan kontsumitzeko, gainera, Gabonetarako kanpaina prest dute dagoeneko Bergaran. Bedelkarreko bazkide ez diren komertzioak animatu dituzte bazkide egitera, edo bestela, kanpaina horretan parte hartzeko interesa duten komertzioek, aurten aukera izango dute kuota bat ordainduta, Gabonetako kanpainan parte hartzeko. Ekintza hauek egingo dituzte Gabonetan:
- Izotz pista sintetikoa jarriko dute abenduaren 4tik urtarrilaren 6ra bitartean Seminarioko karpan. Kanpaina horretan parte hartzen duten komertzioei 100 sarrera oparituko zaizkie, sarrera horiek bezeroen artean banatzeko erosketak egiten dituztenean.
- Gabonetako argiak ere jarriko dituzte komertzioen erakusleihoetan kanpoko aldetik. LED argiak jarriko dituzte.
- Gabonetako ordutegi bereziak izango dituzte komertzioek:
- Abenduaren 13tik aurrera dendak arratsaldez irekita egongo dira.
- Abenduaren 22an eta 23an, eta, urtarrilaren 2an eta 3an, dendak irekita egongo dira 14:30ak arte eguerdian eta 20:30ak arte iluntzean.
- Urtarrilaren 5ean ordutegi jarraia irekita izango dute arropa, oinetako, osagarri, opari eta lurrindegi arlotako dendek.
- Urtarrilaren 2an eta 3an dendetan erosketarekin batera tiketak oparituko dira tabernetan pintxo bereziak kontsumitzeko.
- Bergara Bizi eguna izango da abenduaren 13an. Egun guztian zehar musika, antzerkia eta beste hainbat gauza egongo da denda inguruetan, besteak beste.
- Zozketak ere egingo dira Gabonetako kanpainaren barruan eta 2.000 euroko sariak banatuko dira zozketa bitartez, parte hartzen duten komertzioetan gastatzeko.