Abian da irakurzaletasuna, hizkuntza eta fantasia trukatzeko bosgarren azoka

Imanol Gallego 2014ko aza. 3a, 10:55

Aurreko urteko liburu truke azoka.

Kultura partekatu, zabaldu, gomendatu... egin daiteke. Baina gaurtik aurrera, Jardun euskara elkarteak bosgarren urtez antolatu duen truke azokari esker, hura trukatzeko aukera ere egongo da. Ekimen horren bidez, bakoitzarentzat garrantzitsuak izan diren istorioak partekatzeko aukera emateaz gain, berrerabilpena ere bultzatzen da.

Dagoeneko erabili ez eta egoera onean dauden liburuak Jardun euskara elkartera eroan daitezke. Bertan, liburuak sailkatu egingo dira adinaren arabera (haur, gazte eta heldu) eta liburu bakoitzeko txartel bat emango da. Ondoren, txartel bakoitza sailkapen bereko edozein liburugatik trukatu ahal izango da.

Liburu bilketa

Gaurtik hilaren 20ra arte batuko dituzte liburuak. Goizetan 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldeetan 15:00etatik 19:00etara; egubakoitz arratsaldeetan, baina, bulegoa ordubete lehenago itxiko dute.   

Azokan parte hartzeko, Jardunera eroan beharreko liburuek egoera onean eta osorik egon behar dute. Bildumak, kopurua edozein izanda ere, txartel bakar baten truke aldatuko dira, eta, noski, liburu guztiek euskarazkoak izan beharko dute.  

Antolatzaileek azaldu dutenez, ez dira onartuko sexu bereizketa edo indarkeriaren aldeko jarrera erakusten duten liburuak. Horrez gainera, ikas liburuak ere ez dira onartuko.

Truke azoka

Liburuak batu eta gero, haiek trukatzeko garaia iritsiko da. Azaroaren 21ean, egubakoitza, 18:00etatik 20:00etara San Martin plaza kultura-plaza bihurtuko da. Eta herritarrek aurrez eroandako liburuak trukatzeko eguna izango da hori.

Gogoan izan behar da liburuak pertsonen garapenerako tresna ezin hobea direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak