"Gorlako Igoera ez du edonork irabazten" zioen Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetariak, lasterketaren 40. urteurreneko ospakizunean. Izan ere, bere gogortasunagatik, eta igoerari "hotzean" ekiteagatik egin zen ezaguna proba, eta hargatik bihurtu zen profesional mailara salto egin nahi zutenen "erakusleiho".
Zapatuan, urteetan zehar Bergarako maldetan abilen izandakoek omenaldia jaso zuten, Lokatza Txirrindulari taldearen eskutik. Guztira, palmareseko hamazazpi ziklista eta ziklista ohi izan ziren Bergarako Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, baina familiak eta zaleak ere lagun izan zituzten ekitaldian.
Omenaldia eguerdian
Txalo zaparrada artean gogoratu zuten 1975etik hasi eta aurtengo urtera arteko palmaresa, eguerdian egindako omenaldi ekitaldian, eta hamazazpi omenduek banan-banan jaso zuten Rikardo Azkargorta artista bergararrak bereziki diseinatutako oroigarria.Hasteko, Koldo Lamikizen lorpena bereziki goraipatu nahi izan zuten, beteranoen mailan zazpi garaipen eskuratzeagatik, eta ondoren, kronologikoki ekin zieten aipamenei.
Tartean, hainbat une hunkigarri ere izan ziren, besteak beste, Jokin Ormaetxea zenaren oroigarria haren gurasoek jaso zutenean. Salamancako Santi Blancok, 1994ko garaipena oroituz, lasterketaren gertutasuna azpimarratzeko aprobetxatu zuen oroigarria jasotzeko momentua "urruti egon arren, beti etxean bezala" sentiarazi dutelako.
Erakusketa interesaz
Bertaratu zirenek lasterketaren 40 urteko ibilbidea biltzen duen erakusketa ikusteko aukera ere izan zuten. Interes handiz irakurri zituzten garai bateko lasterketen kronikak, eta batek baino gehiagok argazkiak atera zizkien irabazleen maillotei
Antolatzaileak "oso pozik" agertu ziren, bertaratu zen jendetza eta erakusketaren arrakasta ikusita, izan ere, "lan handia" hartu dutela aitortu zuen Jon Unamuno Lokatzako lehendakariak.
Bazkaria, eta berbaldia
Ondoren, 120 laguneko koadrilatzarrak pilotalekuan bazkaldu zuen, eta 18:00ak aldera hasi zuten berbaldi emankorra: Gorospe, Blanco, Mikel Nieve, Betanzos, Xabi Laspiur, Cabestany... Askok egin zuten berba mikrofono aurrean, orduko eta egungo Gorla, ziklismoa zela aldatu den, egungo gazteek zela entrenatzen duten... Amaieran, publiko artean izan ziren Eneko Lizarralde eta Mikel Aristi igo ziren taulara. Hor albiste pozgarrietako bat, biak izango ditugulako 2015ean profesional mailan lehian.