Hala, asteleheneko aurkezpenean aurreratu moduan, Antxintxika krosa Antxintxika Eguna izatera pasa da, egun osoko jaialdi bat antolatu dutelako domekarako, kirol jarduera eta Irrien Lagunekin egingo duten jaia bateratuta.
Hala, 11:00etan irtengo dira Soraluzetik krosa gurpildun ahulkietan egingo duten parte-hartzaileak. 15 minutura, 11:15ean, irtengo dira patinatzaileak, eta 11:30ean krosa antxintxika egingo dutenak. Horiek guztiek helmuga pasatzen dutenean hasiko dira umeen lasterketak –Bergaran– 12:45 inguruan. Gaztetxoak bi taldetan banatuko dituzte. 9-10 urte bitartekoek 500 metro egingo dituzte korrika eta 11-13 urte bitartekoek 1000 metro, nagusien krosaren azken 1000 metroak, alegia.
Segidan, familien festa
Gaztetxoen lasterketak amaituta ekingo diote familien festari, hau da, etxekoekin korrika egiteko aukera emango dute Antxintxikakoek. Bi taldetan egingo da hori ere; 5-8 urte bitartekoek 500 metro egingo dituzte korrika; 3-5 urte bitartekoek, berriz, 200 metro.
Arratsaldean, Dortokaren alde
Arratsaldean jarraituko du jaiak, Irrien Lagunen eskutik. 18:00etan hasiko da jaialdia frontoian. Hala, Porrotxek eta Ane Piratak lagunduta Bergarako hainbat taldek hartuko dute parte, eta helburua Dortoka kirol egokituko taldea diruz laguntzea da: "Goizean zaletasun moduan hartuko dugu krosean parte, atsegin dugulako korrika egitea. Baina arratsaldeko jaialdian parte hartzera animatu nahi ditut herritarrak, egunerokoan zailtasunak dituzten gazteei laguntzeko da-eta".
GOIENAk, zabal
Talde honek zabal batuko du egunak emango duena. Besteak beste, krosa bera Goiena.eus atarian ikusi ahal izango da zuzenean, streaming bidez, eta Astelehenekoak zabal landuko du lasterketa, baita telebistak ere.