Dagoeneko martxan da kirol argazkien lehiaketaren 24. aldia

Imanol Gallego 2014ko urr. 27a, 10:44

Lehiaketaren azken edizioko irabazleak, sari banaketaren ostean.

Bergarako Udalak eta Arizondo argazkizale elkarteak kirol argazkien lehiaketa antolatu dute 24. urtez. Gaia, noski, kirola izango da.

Argazki teknikari dagokionez, zuri-beltzean zein koloretan aurkez daitezke eta laborategiko edozein teknika aplikatuta. Parte-hartzaileek kategoria bakoitzeko sari bakarra jaso dezakete, eta argazkilari bakoitzak, gehienez ere, mota bakoitzeko lau argazki aurkez ditzake.

Lanen onarpena

Argazkiak jasotzeko azken eguna azaroaren 5a izango da. Interesa dutenek euren lanak 40x50 zentimetroko kartulina batean aurkeztu beharko dituzte. "Argazki paperaren tamaina eta argazkiko irudia ere bakoitzaren aukeran gelditzen dira", argitu dute antolatzaileek.

Lanen atzealdean, izenburua, egilearen izen-abizenak, bizilekua, telefonoa eta, hala badagokio, parte hartzen duen argazki-elkartearen izena adierazi beharko dira. Argakiak udaletxera eroan edo gutun ziurtatuz bidal daitezke. Antolatzaileek gogoratu dute  ez direla lanek jasan dezaketen arazoez kargu egingo. Lehiaketan parte hartzeak baldintza guztiak betetzea dakar.

Sari banaketa

Epaimahaiak erabakia azaroaren 8an hartuko duen arren, sariak hurrengo astean banatuko dituzte: sari banaketa Aroztegi aretoan egingo da azaroaren 14an, 20:00etan.

Kategoria bakoitzean lau sari banatuko dira: lehenengoak 210 euro eta trofeoa jasoko du, bigarrenak 180 euro eta trofeoa, hirugarrenak 150 euro eta trofeoa eta herriko onenak 120 euro eta trofeoa. Trofeoak Santi Arrietaren argitaratu gabeko zeramika-lanak izango dira.

Lan sarituak antolatzaileen eskuetan geldituko dira, eta horiek argitaratzeko aukera izango du, betiere, egilearen izena jarrita. Sariez gain, argazki txapelketa hori Argizaiola lehiaketarako sailkatzeko baliagarria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak