Fly Shit: "Erritmo eta intentsitate aldaketek hor jarraitzen dute"

Jagoba Domingo 2014ko urr. 28a, 00:00
Fly Shit laukote bergararra.

Estudioko laugarren lana astean kaleratuko dute Fly Shit bergararrek. Barneko ahotsaren bila da lan berria eta Azpeitiko Elektrika estudioan grabatu dute Ander Barriuso teknikariarekin. Fly Shitek hemezortzi urte betetzen dituen honetan, etxeko marka diren erritmo aldaketak klasiko izaten jarraitzen dute. Zapatuan bertan aurkeztuko dute diskoa etxean, Bergarako gaztetxean, eta gutxi balitz, Txapa irratiko 30. urteurrena ospatzen jardungo dute Estricallarekin batera. 

Jai paregabea diskoa aurkezteko.

Denbora luzea behar izan da kontzertua antolatzeko. Lagun bat urtebete inguru lanean ibili da;berak Anestesia, Estricalla eta 25th Coming Fire taldeak lortu nahi zituen baina azkenean Estricallak eta biok joko dugu. Gainera, Txapa irratiko urteurrenarekin bat egiten du eta ospakizunen barruan sartu dute. 

Gaztetxearekin eta Txaparekin harreman estua duzue aspalditik.

Anderrek [gitarrista] urteak daramatza Txapa irratian eta guk gaztetxean…

Azken estudioko lana 2010ekoa da, zenbat denbora eman duzue Barneko ahotsaren bila prestatzen?

Gure erritmoa nahiko lasaia izaten da; lehen lasaia bazen, orain zer esanik ez. Azkenean gehienok familia daukagu, eta lehen zaila bazen, orain pentsa… Iazko abendu inguruan hasi ginen kantuak egiten, baina ez ginen disko baten bila joan. Kontzertu gutxi jo genituen eta pixkanaka erritmoak eta kantuak lantzen hasi; abestiak genituenean diskoa egitea erabaki genuen. Azken hilabeteak ibili gara lanean buru belarri.

Orain arte diskoen artean aldaketak nabari izan dira; oraingoa?

Betiko ildo beretik jarraitzen dugu baina beste buelta erdi bat eman diogula uste dugu. Asko erritmo ertainak dira, baina Fly Shiten etiketa ere hor dago: erritmo aldaketak, intentsitate aldaketak... Azken finean, denborak aurrera egin ahala influentzia berriak xurgatzen dituzu eta nahitaez igartzen dira. Eskola zaharreko hardcoretik gatoz, baina hortik hasita hainbat adar ditugu gustuko. 

Azpeitira jo zenuten grabatzera.

Bai, Ander Barriuso teknikaria aspaldiko laguna da eta oso gustura ibili gara berarekin. Bizitza...baina nola bizi diskoko sei kantu harekin grabatu genituen 2005ean, beraz, aspalditik dator harremana. Maiatzean bateria eta baxua grabatu genituen eta ekainean gitarrak eta ahots nagusia. Grabazioa nahiko azkar joan zen; kontua da, baina, Barriusok lan handia izan zuela gero eta horregatik atzeratu da. Horrez gain, hainbat kolaborazio izan ditugu diskoan, tartean Txirbileneako Roberrek idatzitako letra Utopia Laztantzen kantuan.

Kantu hori gainera aurrerapen bezala igo duzue Internetera.

Bandcamp plataformara igotzea erabaki genuen promozio apur bat egiteko.

Diseinua ez du Txorik egin oraingoan.

Barneko ahotsaren bila kantuko diseinu grafikoa Supercools taldeko Aitorrek egin du oraingoan. Londresen bizi da eta gurekin ez ahazteko lan pixka bat eman diogu. 

CDa bai, baina biniloan ere argitaratuko duzue lan berria?

Biniloa oraindik ez da heldu baina espero dugu Durangoko Azokarako esku artean izatea. Gure asmoa da, gainera, Durangoko Azokan Sapuetxe gaztetxean jotzea. Kapritxoa da biniloan editatzearen kontua. Egia da gaur egun, musika estilo jakinetan biniloa CDa baino gehiago mugitzen dela, baina kapritxo bat izan da. Biniloa eta CDa batera saltzea da gure asmoa, eta hemendik aurrera, posible dugun heinean, diskoa aurkeztea. Oraingoz data batzuk itxi ditugu eta hainbat gaztetxetatik deitu digute, baina esan bezala, lasai hartu behar ditugu gauzak orain. Hala ere, horrenbeste urteren ostean zirkuitu txiki bat eginda daukagula uste dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak