Helduak ditu Bergarako Mostrak jo-muga nagusi, baina izan dira haurrentzako edo familia giroan gozatzeko ikuskizunak ere: "Aberastasuna eta poztasuna ematen dio Mostrak herriari. Lehenago, bonoa hartuta, saio guztietara joaten ginen; aurten, txikiaren ordutegira moldatuta, eguneko saioak ikusi ditugu. Umeentzako ere plan polita da" kontatu zuen zapatuan Katilukada saioan zegoen ikusleak.
Lau egunetan, bederatzi saio
Askotariko teknika eta jatorriko panpinak izan dira: istorio gogorrak eta barregarriak kontatu dituzte; panpina txikiak edo handiak eskuetan hartuta; zuzeneko musikak lagunduta edo dekoratu bitxiek apainduta. "Inor gutxietsi barik, baina zapatuan San Martin plazan egin zuten Borja Ytuquepintasen Sueños de Arena saioa une magikoa izan zen. Gonzalezek arearekin egin zituen pantaila handian erakusten zituen irudiak; horietan bereziena aurrean zuen Udaletxea San Pedro Elizaren kanpandorrearekin irudikatu zuena. Roc Sala Coll piano-jolearen zuzeneko musikak oraindik ere magikoagoa egin zuen saioa. Izarrak zeruan, telefonoarekin argazkirik ateratzeko astirik ez zuten 500 ikusle baino gehiago, pantailari begiak itsasita" dio emozioz Taun Taunekoak.
Artistak, etxean moduan
"Igartzen da, arloko profesionalak zaretela; asko eskertzen dugu emandako tratua" horiek, gonbidatuek antolatzaileei esandakoak, Mostraren balorazioa egiterakoan, kontuan hartzeko hitzak, bada.