Bergarak 0-1 galdu du Real Union taldearen aurka

Bergarako jokalaria baloia oinetan duela.

Irundarrek 20. minutuan egin dute gola, eta Bergarak ez du berdintzea lortu.

Bergarak ez du asteburu honetan punturik gehitu. Real Union taldearen bisita izan du gaur arratsaldean Agorrosinen, eta irundarrek partidu hasieran lortu dute markagailuan aurretik jartzea.

Arrisku handiko jokaldi bat baino gehiago egin eta gero, azkenean, bidasoarrek 20. minutuan egin dute gola, taldeko kapitainaren ekimenez. Bergararrek saiakera bat baino gehiago egin dute jokoa bizkortuz eta erasoa finduz, baina emaitzarik lortu gabe. Atsedenean berdin jarraitzen zuen markagailuak, eta bigarren zatian ere egindako ahaleginak ez du fruiturik eman.

Estutasunak saihestea

Denboraldi hasiera gogorra izan dute Aitor Arrateren mutilek, baina badirudi mailari neurria hartzen hasiak direla. "Hobeto gabiltza. Sailkapeneko erdialdean gaude eta hamar puntu egin ditugu lau astean", adierazi du entrenatzaileak. "Helburua, aurten, iazko estutasunik ez pasatzea da", azaldu du Arratek. "Mailari eustea ahal dela sailkapeneko erdialdean mantenduz".

Hurrengo astean Ordiziako taldearen aurka jokatuko du norgehiagoka Bergarak. Sailkapeneko goiko aldean dagoen taldea da, eta etxean jokatuko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.