Ibargarai kalean Lehen Hezkuntzan dauden gaztetxoei zuzendutako triatloian, korrikan, bizikletan eta irristaketan aritu beharko dute. Proba bakoitzean, gutxienez, adin nagusiko batek eta haur batek parte hartu behar dute. Hiru kiroletako erreleboa bikote bakarrak egin dezake, edota familiako beste kideei erreleboa eman. Parte hartzen dutenen artean urteko bi familia-abonu zozkatuko dituzte. "Ahalik eta triatloi jendetsuena izateko lan egin dugu", dio Iñaki Ugarteburuk, Udaleko Kirol Zerbitzuetako arduradunak.
11:00etatik 13:00etara Ibargarai kalean eta Errege Mintegiko jolastokian kirolarekin zerikusia duten jarduerak egiteko aukera egongo da. Jolastokian bizikleta eliptikoa probatzeko aukera izateaz gain, puzgarriak ere egongo dira. Toki berean Zurrumurru antzerki taldeak zirkuko tailerra egingo du. Ibargarai kalean, aldiz, Hanka Labanka Irristaketa taldea eta Lokatza Ziklismo Eskola egongo dira, patin eta bizikleta gainean egin daitezkeen jarduerak erakusten, eta 12:00etan Markel Uriartek bizikleta gainean erakustaldia egingo du.
Triatloiaren ostean, hamaiketako osasuntsua egongo da, frutarekin, eta goizari amaiera emateko, Zurrumurru taldeak eskujoko, oreka eta akrobazia erakustaldia egingo du.
Kirol kontuak mintzagai
Familia eta kirol kontuetatik aldendu gabe, eguenean, hilak 30, Familia, futbola eta formazioa hitzaldia egingo dute Irizar jauregian, 19:00etan. Saioa gurasoei zuzenduta dagoen arren, nerabeekin eta kirolarekin zerikusia duen edonorentzako "aproposa eta aberasgarria" izango dela azaldu dute.
Hizlariak izango dira Luki Iriarte, Realaren formazio-taldeen arduraduna; eta Fran Garagartza, Eibarko idazkari teknikoa. Hain zuzen, kirol profesionalean etamaila apalagoetan duten esperientziaz jardungo dute biek. Hitzaldiaren protagonista futbola izango den arren, antolatzaileek kirol guztietako pertsonak gonbidatu nahi dituzte, futbolean azaltzen diren arazoak beste kirol batzuetan ere agertzen dira-eta.