Atxikimendu kanpaina Aitziber Plazaola eta gainerako 27 gazteak libre laga ditzaten

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko urr. 24a, 08:17

Bergarako Libre plataformak abiatu du eta abendu erdialdera arte luzatuko da. Mahaiak jarriko dituzte ohiko lekuetan atxikimenduok jasotzeko eta Internetez ere egin daiteke. Ahalik eta atxikimendu gehien lortu nahi dute, "oztopo izan nahi duen prozesu judizial hori konponbidearen aldeko urrats izan dadin". Horrekin batera, Stop tortura! 28ak libre, epaiketa politikorik ez! lelopean elkarretaratzea ere deitu dute hilaren 30erako.

Bergarako Libre plataformak Aitziber Plazaola bergararrari zein Segiko kide izateagatik epaitzen ari diren gainerako 27 gazteei babesa adierazteko eta aske laga ditzaten eskatzeko atxikimendu kanpaina abiatu du.
Libre plataformatik azaldu dutenez, irailean Gernikan egindako ekitaldian Herritarron Adierazpena publiko egin zuten Euskal Herriko zenbait herritar eta eragilek, "epaiketa politiko horrek inolako zentzurik ez duela eta 28 gazteak libre uzteko eskatuz".

Bada, adierazpen horren bitartez, Bergaran ere ahalik eta atxikimendu gehien lortu nahi dute, "oztopo izan nahi duen prozesu judizial hori konponbidearen aldeko urrats izan dadin".

Herritarron Adierazpenak jasotzen duenez, "euskal herritarrek urte luzez gatazka eta sufrimendua" bizi izan dute. Baina "azken denboran emandako urratsek eta abiatutako prozesu demokratikoak konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko duen etorkizunera" eramatea nahi dute.

Adierazpenean jasotakoaren arabera, "abiatutako bide horretan, eragile politiko, sozial zein norbanakoek emandako urratsek" ahalbidetu dute egoera hori, uste dute "etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, ezinbestekoa" dela "denok erantzukizunez jokatzen jarraitzea". Hala, bide horretan, "epaiketa hori frustrazio eragile bat" dela uste dute "eta justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi" behar dela".

Internetez eman daiteke

Herritarron Adierazpenarekin bat egiten duten herritarrek atxikimendua emateko aukera bat baino gehiago dagoela aurreratu dute Bergarako Libre plataformatik. Alde batetik, mahaiak jarriko dituzte herriko zenbait gunetan –zehaztuko dituzte egunak eta lekuak.
Horrekin batera, Internet bidez ere badago atxikimendua emateko aukera, www.libre.epaiketarikez.org webgunean.

Elkarretaratzea hilaren 30ean, Iralan

Bestalde, urriaren 30ean, datorren eguenean, Stop tortura! 28ak libre, epaiketa politikorik ez! lelopean elkarretaratzea deitu du Librek. 19:30ean izango da, Irala kalean. Plataformak salatu duenez, "tortura izaten ari da 28 gazteen aurkako epaiketan protagonista. Gazteen tortura testigantzen deklarazioekin eman zioten hasiera epaiketari". Herritarrei bilkurarekin bat egiteko dei egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak