Eguenean hasiko da txotxongilo mostra

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urr. 21a, 16:15

Ezker-eskuin: Karlos Odriozola (Taun Taun Teatroa), Maider Osa (Bergarako Kultur Teknikaria), Itsaso Azkarate (Taun Taun Teatroa) eta Leire Iruin (Bergarako Kultura zinegotzia).

Eguenetik aurrera, askotariko jatorri eta teknikadun txotxongiloak Bergaran. Gaur aurkeztu dute Nazioarteko XII. Txotxongilo Mostra eta guztia gertu daukate Taun Taun konpainiakoek herriko kale, areto eta guneak ameskeriaz betetzeko.

1991. urtean egin zuten lehenengo Txotxongilo Mostra Bergaran. Herriko Taun Taun txotxongilo taldea hasita zegoen ordurako euren lanak herrian gainera, jaialdietan ere erakusten. Beste taldeen lanak ezagutu zituzten horietan eta baita arlo horretako jaialdiak nola antolatzen ziren ikusten eta ikasten hasi ere. Heldu gehienendako txotxongiloak ezezagunak zirela konturatu ziren eta Udaletxera joan ziren Mostraren ideia gauzatzeko modukoa zen aztertzera. "Aurrera!" esan zien Udaleko ordezkari batek eta horrela egin zuten Taun Taunekoek; aurrerantzean, bi urtean behin Mostra antolatuz.
Harez gero, nazioarteko 150 txotxongilo talde baino gehiago izan dira herrian eta Mostrak lortu du hasieratik zuen helburua betetzea, hau da: helduak txotxongilo zale bihurtzea.
Datorren eguenean (urriak 23) hasi eta domeka (urriak 26) bitartean izango da hamabigarren edizioa.


Txotxongiloekin kalera!

Txotxongiloak bertatik bertara ikusi eta sentitzea gura dutela diote antolatzaileek: "Pintxo poteoaren aitzakian, ikusgarriak eta dibertigarriak diren Granujas a todo ritmo lanarekin ekingo diogu aurtengoari eta normalean aretoetan erakusten duten Sueños de arena, kalera aterako dugu. Kalekoek, publiko zabala dute helburu; areto barrukoak, berriz, helduentzako aukeratu ditugu".
Gura barik izan bada ere, Katilukada ezik, gainontzeko guztiak hitz barikuak dira. Askotariko jatorri eta teknikadunak dira: " Istorio barregarriak eta gogorrak daude; tamaina handiko zein txikiko panpinak; harea eta zuzeneko musika erabiltzen dutenak... Munduko onenak dira" diote Taun Taunekoek.
Udalarekin elkarlanean
Mostraren hastapenetatik hartu du Udalak aurrekontuaren pisu handiena; Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere laguntzen badute ere.

 

Egitaraua

Urriak 23, eguena
19:00 kalean zehar.
Granujas a todo ritmo  (MG Producciones/Kantabria)


Urriak 24, egubakoitza
19:00 seminarioko karpan.
El cubo libre (Dromosofista / Italia)
20:00 zabalotegi aretoan.
Clown's Houses (Merlin Puppet Theatre /Grezia)
22:30 gaztetxean.
Historieta de un abrazo   (Dromosofista / Italia)

urriak 25, zapatua
13:00 seminarioko karpan.
Katilukada (Kontakatillu / Euskal Herria)
20:00 Zabalotegi Aretoan.
Allegro ma non troppo  (Zero en conducta /Mexiko)
22:30 San Martin plazan*
Sueños de arena (Borja Ytuquepintas / Katalunia)
urriak 26, domeka
19:00 seminarioko karpan.
Pez Limbo (Euskal Herria)
20:00 zabalotegi aretoan.
Trau (Guillem Albà / Katalunia)

* Euria egiten badu Seminarioko karpan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak