Txapa irratiak 30 orduko irrati maratoia egingo du irratiaren 30. urteurrena ospatzeko

Zapatu goizean hasi eta domeka eguerdira arte Txapa irratia kalera aterako dute. Irratiaren 30. urteurrena ospatuko dute aurten, eta hori aitzaki hartuta 30 orduko maratoia egingo dute. Esatariak aurrez aurre ikusteko aukera izango dute bergararrek. Ohiko irratsaioez gain, ekintza bereziak ere egingo dituzte. Zuzeneko musika eta kale ikuskizunak, eta domeka goizean Udal Musika Bandaren emanaldia. Askotariko ekintzak antolatu dituzte urteurren borobila ospatzeko.

Seminarioan egingo dituzte irrati maratoiaren ordu gehienak –gaueko orduak gaztetxean izango dira. Mozketa gabeko zuzeneko emisioa izango da.

Beste komunikazio era bat

Komunikazioa beste era batera ulertzen zuen gazte talde handi batek jarri zuen Txapa irratia airean. 1984ean izan zen hori. Ordutik 30 urte, 262800 ordu eta 15768000 minutu pasatu dira. "Erraz zenbatzen dira", diote Txapa irratiko kideek. Txapa irratia kontakizun askoren ahotsa izan da, eta orain "gurea errepasatu eta ospatzeko" garaia heldu dela diote.

Irratiko klasikoak

Bihar, 10:00etan hasiko dute maratoia. Txapako ohiko irratsaioak eta ekintza bereziak tartekatuko dituzte 30 orduetan. 13:30ean erreka garbiketako irratsaio berezia; 14:15ean bertso saioa; 17:00etan, 30 urteotako historia errepasatuko dute irratiko klasikoekin; 19:00etan Deabru Beltzak, plazatik irten eta seminariora; 20:00etan, 2014-2015 ikasturteko irratsaioak aurkeztuko dituzte; jarraian Mikel Garate eta Ekaitz Aranberriren musika; 23:00etan, Urtzi Azkue&The Funk Junkers taldea; gauean, gaztetxetik, Dj emanaldiak zuzenean; domekan, 11:30ean umeendako ipuinak eta jarraian Udal Musika Bandaren kontzertua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.