Luis Ugalde: "Venezuelan egoera oso nahasia dago"

Eneko Azkarate 2014ko urr. 15a, 06:00

Luis Ugalde Venezuelan bizi den jesuita bergararra jaioterrian da egunotan. Hilaren 26ra arte egongo da jaiotetxean, Mou baserrian; ondoren, Madrilera eta Bartzelonara abiatzeko, azaroaren 9an Venezuelara itzuli aurretik. Venezuelaren gaur egungo egoeraren gaineko berbaldia eskainiko du gaur Bilbon, Sabino Arana Fundazioak gonbidatuta.

Elkarrizketa eskaria egin dio Goienak eta ezetz esan du: "Venezuelan egoera oso nahasia dago eta ez dut kazetariekin elkarrizketarik egin nahi, bazterrak gehiago ez nahastearren. Lehenago beste hedabide batetik jaso dut eskaera eta ezetz esan dut" dio Luis Ugaldek (Bergara, 1939).

Berbaldia egingo du, halere, eta hedabideek irekita edukiko dituzte aretoko ateak — Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilboko Mandobide kalean—, Luis Ugaldek esaten dituenak jasotzeko. "Hitzaldian neuk kontrolatzen dut egoera eta badakit zer esan eta zer ez esan, baina kazetarien galderak ezin ditut kontrolatu. Hedabideek nire hitzaldiko berbak jasotzen dituztela?; zer egingo dut, ba?".

Luis Ugalde apaiz josulaguna Caracaseko Gogoeta eta Hezkuntza Planifikaziorako Zentroko zuzendaria da gaur egun eta Andres Bello Unibertsitate Katolikoko —Caracaseko ospetsuenetako bat— errektore ohia da. Venezuelako pentsalaririk errespetatuenetakoa da, Chavezek bultzatutako Iraultza Bolibartarrarekiko kritikoa bada ere.

Egunotan oporretan dela-eta lagun zein senideak bisitatu, Bergaran barrena ibili, "bidegorritik paseatu" eta halakoak egiten dihardu. Lau urte dira, azkenekoz, oporretan, Bergaran izan zela.

Gaurko hitzaldia 19:00etan hasiko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak