Bergara Garbia: "Bildu-Aralarrek uste du herria dagoela euren esana betetzeko, ez alderantziz"

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko urr. 9a, 09:16

Horixe da herri plataformak atera duen "ondorio tristea ia urtebetez martxan dagoen atez ateko bilketa sistematik". Eta azpimarratu dute Arrasatek, Elgetak, Azpeitiak, Legazpik eta Donostiak, "plataformekin eta alderdi politikoekin adostuta, 5. edukiontziaren bidezko bilketa sistemaren alde" egin dutela. "Inongo zerikusirik ez Bergarako Bildu-Aralarrekin, gehitu dute. Herrian egiten ari diren garbiketa sakonaren harira ere eman dute euren iritzia. "Orain datoz ustez eurak asmatu dituzten ideiekin", diote. Eta gogora ekarri dute, "urtebete pasatxo " badela plataformak berak salatu zuela "herria euren kideek jarritako pankartaz, pintaketez eta kartelez josita" zegoela.

Hemen Bergara Garbia plataformak bidalitako oharra:

"Hilabete gutxi barru, otsailean, urtea beteko da Bildu-Aralarrek bergararrei euren borondatearen kontra eta herriari entzungor eginda atez ateko bilketa sistema inposatu zuela.

Urte honen balantzea da erabateko informazio falta, erabateko isiltasuna, nahiz eta sarritan egin dugun eskaria idatziz, baina bat ere ez dute erantzun –idatzizko azken eskaria maiatzaren 19koa da eta oraindik ez dugu erantzunik–. Agerikoa da Bildu-Aralarrek uste dutela herriak ez duela informazio beharrik, inposatzen baino ez dakite.

Bien bitartean, Arrasatek, Elgetak, Azpeitiak, Legazpik eta, nola ez, Donostiak, plataformekin eta alderdi politikoekin adostuta, 5. edukiontziaren bidezko bilketa sistemaren alde egin dute. Orain, Mutriku da bilketa sistema herriak erabakitzeko kontsulta egingo duena. Azkoitiak, hasiera baten atez atekoa inposatzea erabaki bazuen ere, martxan jarri eta urtebetera, agintariek ulertu dute behartuta eta herriaren kontra ezin dela gobernatu, eta, ondorioz, erabaki dute kontsulta egitea herriak erabaki dezan.
Inongo zerikusirik ez Bergarako Bildu-Aralarrekin. Hemen uste dute herria dagoela euren esanak betetzeko, eta ez alderantziz. Eta hori da atera dezakegun ondorio tristea ia urtebetez martxan dagoen atez ateko bilketa sistematik.

Orain datoz ustez eurek asmatu dituzten ideiekin. “Ez zikindu herria garbiago izateko”. Zalantza barik, hori da gogokoena eta partekatu egiten dugu, seguruen bergarar guztiek jakingo duten moduan. Baina noiz otu zaie hori? Urtebete pasatxo baino ez da Bergara Garbia plataformak  publikoki salatu zuela herria euren kideek jarritako pankartaz, pintaketez eta kartelez josita zegoela. Ez zekiten hori? Eta hura gerta zedin laga zuten agintari berberek egoera hori jasan behar izan duten herritarrei orain eskatzen diete ez zikintzeko. Burla dirudi! Egia izango ote da azkenean konturatu direla? Ba, horrela bada, ongietorriak izan daitezela! Baina jakin dezatela iristen azkenak direla, eta mundu guztiak zekiela eurek izan ezik. Edo, agian, interesen batengatik egingo dute; datozen hauteskundeak, akaso?

Arrazoia dena delakoa ere, Bergara Garbiak, zeina ez zuten asmakizunaren aurkezpenera gonbidatu, Bergara garbiago baten alde egiten jarraitzen du eta horretan kolaboratzeko prest ere badago, Azkoitian moduan erabakia birplanteatzen badute.

Edukiontzi bidezko sistemak aukera balekoena eta ekonomikoena izaten jarraitzen du, eta gizartean onartua eta integratzailea. Datuek eta udaletako dinamikek halaxe erakusten dute, eta, bestela, galde diezaiotela Donostiari, Azpeitiari..."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak