2013ko martxoaren 29tik apirilaren 1era egin zen Urduñan Gazte Danbada. Ernaik antolatu zuen eta, lau egunetan, 7.000 gazte inguruk hartu zuten parte Iraitz Salegik berak dioenez. Hitzaldi, musika emanaldi, kultura ekitaldi eta abar egin zituzten. Baita ekitaldi politiko bat ere. Egun haietan, hain justu ere, martxoaren 29an, Xabier Lopez Peña Therry presoa hil zen. 2008tik kartzelan, Frantziako Fleury espetxean zegoela, bihotzekoak, lehenbizi, eta buruko odol isuriak, ondoren, jota, Parisera eroan zuten ospitalera martxoaren 11n eta han zela hil zen egun batzuk gerago.
Urduñako Gazte Danbadan manifestazioa egin zuten ehunka lagunek Lopez Peñaren heriotza salatzeko eta ekitaldi politikoa ere egin zuten. Ekitaldi hartan hitz egin zuten Ernaiko sei lagunak ere inputatuta daude eta baita Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa ere.
Guztiei leporatzen diete terrorismoa goratzea, baita kazetariei ere. Azken hauei ekitaldiaren berri ematearren eta informazioa zabaltzearren Topatu.info webgunean. Iraitz Salegik adierazi duenez, Espainiako eta hemengo beste hamaika hedabidek ere eman zuten ekitaldiaren berri.
Iraitz Salegik gogoratu du, bestalde, Topatuko kazetariek epailearen agindua jaso zutela informazioa webgunetik kentzeko eta ezabatzeko eskatutako lau bideoak webgunetik kendu zituztela berehala, "baita gaiarekin zerikusia zuten argazkiak ere". Epailearen agindua bete arren, bihar, martitzena, goizean, Eloy Velasco epailearen galderak erantzuteko deituak izan dira Madrilen, Auzitegi Nazionalean.