San Joxepekoen hamabostaldi kulturala prest

Imanol Gallego 2014ko urr. 3a, 16:57

Mari Carmen Gallastegi zientzialari bergararrak 'Lurraren klima: zaindu beharreko ondarea' hitzaldia egingo du

Hasi berri den urrian, San Joxepe erretiratuen elkarteak urtero ohi duen moduan, kultura hamabostaldia antolatu du, urriaren 6tik 18ra.

Astelehenetik aurrera, hamabost egunez, elkartean ekintza ugari egongo da. Ohiturari uko egin gabe, hitzaldietako protagonistak herriko pertsona ospetsuak izango dira. Hamabostaldiari hasiera emateko, Jose Mari Eguren apaizak Krisia erlijioan hitzaldia egingo du. Asier Altuna Kixi herriko zine zuzendariak, eguaztenean, bere film laburrak erakutsi eta gero, solasaldia egingo du Migel Altuna Institutuan. Egun bat lehenago, herrian grabatutako Aupa Etxebeste! filma ere eskainiko dute.

Hilaren 15ean, Mari Carmen Gallastegi zientzialari bergararrak Lurraren klima: zaindu beharreko ondarea hitzaldia egingo du; hirugarren hitzaldi hori ere Migel Altunan izango da.

Elkartean sortutako ekimenek ere tokia izango dute. Datorren egubakoitzean 17:30ean egingo duten dantzaldiaren ostean, erretiratuek egindako eskulan, argazki eta artisautza lanen erakusketa egongo da elkartean. Arte mostra hori, gainera, 10ean, 11n eta 12an ere egongo da ikusgai. Horrez gainera, herriko ikastetxeekin elkarlanean lehiaketa bat antolatu dute.

Hamabostaldia, baina, ez da herrira mugatuko, eta txangoak ere egingo dituzte. Ziortzako monasteriora irteera egingo dute eguenean (Bolibar, Bizkaia),  eta hilaren 14an, Aramaio ezagutzeko egun erdiko bisita egingo dute. Batera zein bestera joateko izena eman behar da.

Antzerkia eta musika

Hilaren 16an antzerki emanaldia izango dute. Oñatiko Ikusi Makusi erretiratuen antzerki taldeak Vivir en Tirititaina obra taularatuko du, 19:00etan, Zabalotegin.

Hurrengo egunean, San Joxepeko eta Aramaioko abesbatzek emanaldi bateratua egingo dute, 20:00etan, Santa Marina parrokian.

Hilaren 18an, zapatua, itxiko dute kultura hamabostaldia, eta antolatutako egitarauari amaiera emateko, bazkaria egingo dute. Aurten, otordua Aitonak jatetxean egingo dute. Bazkalostean, oparien zozketa egongo da. Bazkarian parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da.

Egitaraua

Urriak 6, astelehena
17:30 Krisia erlijioan hitzaldia elkartean.

Urriak 7, martitzena
18:00 Aupa Etxebeste! filmaren emanaldia.

Urriak 8, eguaztena
19:00 Asier Altunarekin solasaldia eta haren film laburren emanaldia.

Urriak 9, eguena
09:00 Ziortzako monasteriora irteera, Bolibarrera (Bizkaia), autobus geltokitik.

Urriak 10, egubakoitza
17:30 Dantzaldia eta ogitartekoak egongo dira, elkartean bertan.
18:00 Erretiratuek egindako lanen erakusketa.*

Urriak 13, astelehena
15:30 Lehen Hezkuntzako ikasleen lehiaketa historiko-kulturaleko sari banaketa, elkartean.

Urriak 14, martitzena
15:30 Aramaio ezagutzeko egun erdiko irteera. Autobus geltokitik.

Urriak 15, eguaztena
19:00 Mari Carmen Gallastegiren eskutik, Lurraren klima: zaindu beharreko ondarea hitzaldia.

Urriak 16, eguena
19:00 Oñatiko Ikusi-Makusi taldearen Vivir en Tirititaina antzezlana, Zabalotegin.

Urriak 17, egubakoitza
20:00 Elkarteko eta Aramaioko abesbatzen kontzertua Santa Marinan.

Urriak 18, zapatua
14:00 Herri bazkaria, Aitonak jatetxean.

*Erakusketa 10ean, 11n eta 12an ere zabalik egongo da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak