Bergara kultura eragile ugari dituen herria izan arren, jende guztiak ez ditu guztiak ezagutzen, eta horretarako sortu zuten ekimen hori. Kultura batzordearen barruan adostutako ekimen horrekin, "kultura, jendea eta ondarea batu nahi ditugu", dio Iruinek.
Kultura kalean, baina, ez da horretara mugatzen, eta, hain zuzen, bigarrena izango den edizio honetan, herriko kultura eragileen arteko elkarlana sustatu nahi izan dute.
Elkarlanaren bila
"Taldeen arteko elkarlana bultzatuz festa indartzen saiatu gara", esan du Iruinek. 11:00etatik aurrera talde bakoitzak bere erakustaldia egin eta gero, 13:00etan, Musirakak, Orkestra Sinfonikoak eta Beartek emanaldi bateratua egingo dute: "Sormena diziplina ezberdinak batzetik dator".
Eguerdiko atsedenaren ostean, arratsaldeko saioa parte-hartzaileagoa izango da. 17:00etan tailerrekin abiaraziko dute jaialdia. 18:30ean, Orfeoiak, Musika Eskolak eta Aritzeta eta San Joxepe abesbatzek kontzertua eskainiko dute eta saio horren amaieran, nahi duen guztiak Herrixa Dantzan ekimenarekin bat egiteko aukera izango du. Eguna borobiltzeko, Kantu Jira egongo da, 19:30ean.
Jendeak parte-hartzaileak hobeto ezagut ditzan, talde guztien informazioa batzen duten eskuorri batzuk banatuko dituzte. Horrela, herriko kultura eragileek euren proiektu eta lanen berri emango dute.