Urteak dira bailarako ziklista batek amateur mailan lasterketarik irabazten ez zuena, eta Lokatzako harrobiko ziklistak birritan jaso ditu besoak aurten, Tolosan eta Oñatin. Jon Odriozolaren aginduetara egin ditu bi urte, eta berba onak baino ez ditu: "Datorren urtean zer egin erabakitzeko iritzia eskatuko diot".
Zelan bizi izan duzue gertatu den guztia?
Harrituta, sinistu ezinda, penatuta, amorruz... Dena ondo joatetik okertzera pasatu zen egun batetik bestera. Lehenengo esan ziguten 23 urtez azpiko taldea desagertu egingo zela, eta lau egun geroago, Jonen proiektu berria bertan behera geratu zen. Astebetean joan zen dena pikutara.
Kolpe handia...
Nik uste dut Euskal Herri mailako zaleendako izan dela kolpea, ez guretako bakarrik. Arlo pertsonalean, taldean badaude ni baino txarrago geratu direnak. Oraindik 21 urte ditut, eta amateur mailan beste urte bat egingo dut. Taldekide asko ditut, baina, profesional mailara salto egiteko aukera izatetik bizikleta uztera pasatu behar dutenak. Oso gogorra da hori.
Odriozolaren proiektu berrian egoteko itxaropena zeneukan?
Bai, ez dakidana da datorren denboraldian bertan lehenengo taldean egongo nintzatekeen edo beste urtebete amateur mailan egingo nukeen. Aukeran, nahiago lehenengoa, baina Jonek [Odriozola] esanez gero beste urtebete egiteko amateurretan, ez nukeen arazorik izango. Dena dela, Jonek beti utzi digu garbi sinatu arte ez genuela ezer lotuta, eta halaxe izan da.
Odriozolak berak adierazi du aurten egin duzuen lana ikusgarria izan dela.
Ziklista gipuzkoarrez osatutako talde batek erakutsi du Espainia mailan onenak izan garela. Eta hori horrela izateko Jonek prestatu gaitu mentalki, horretarako gauza ginela sinestarazi digu: giro ona izan dugu, ilusioz lehiatu gara eta benetako talde bat izan gara.
Bi lasterketa irabazi dituzu. Espero zenuen halakorik?
Iaz ere gustura ibili nintzen, eta taldeko zuzendariek komentatzen zidaten aurten beste pauso bat eman behar nuela. Helburua lasterketaren bat irabaztea zen, jakinda, amateur mailan hori oso zaila dela. Tolosan lortu nuen lehenengoa, eta Oñatin duela gutxi. Baina, bestela ere, urte ona izan da, aurrealdeko postuetan ibili naiz-eta sarritan.
Atseden hartzeko hilabeteak dira hauek, eta datorren urteari begira hastekoak. Baduzu eskaintzarik?
Bai; zorionez, hainbat eskaintza izan ditut, bai Euskal Herriko taldeenak, bai Espainiako taldeenak eta baita Frantziakoenak ere. Ekonomikoki Frantziatik jaso dut eskaintza politena, baina dena utzi eta ziklismoaren aldeko apustua egin beharko nuke, eta ez dakit horretarako prest nagoen, hemen ikasten nabil-eta. [Oso aurreratuta ditu Ingeniaritza ikasketak] Ondo pentsatu beharko dut dena, eta Jonekin [Odriozola] berba egin nahi dut, eta iritzia eskatu.
Oraingo egoera ez da aproposena denboraldi berria ilusioz prestatzeko. Eta ilusio barik, negua luzea egiten da.
Bai, hala da. Txirrindularitzan motibazioa bilatu behar da uneoro, eta ilusioa bada motibazio horri eusteko modu ona. Eta, ilusiotik ezin badugu tira egin, amorrutik egin beharko dugu, horretatik ere sobera daukagu-eta.