Bada, etxean lehenengo partidua galdu izanak ez zien lagundu –opari mordoa eginda– eta ezta joan den astean etxetik kanpora ere bigarren porrota jasotzeak ere. Hala, zapatuko partidutik esku hutsik irtetea oso gogorra izango litzateke, ekidin beharreko zerbait zen, eta partidu erosoa jokatuta, lortu zuten helburua. Usurbilek ez zuen aparteko buruko minik eman.
Machok, faltaz
Bergara partidua hasi eta berehala hasi zen etxerako lanak egiten. Faltaz egin zuen Iñigo Machok lehenengo gola, 15. minutuan. Bigarren gola, berriz, Eñautek egin zuen (2-0) Eloyren pase baten ostean: "Moralki garaipen honek mesede egingo digu, duda barik. Lehenengo bi partiduak galdu ostean halako garaipen bat behar genuen, egia esateko", adierazi du Aitor Arratek.
Arnasa hartuta, datorren astean Ostadarren zelaian jokatuko dute: "Fitxaketa on bat egin dute, beste kategoria batzuetan jokatu duen eta esperientzia handia duen Gorka Brit taldean dutelako. Bi partidutan lau gol egin ditu, gertutik zaindu beharko dugu".