Aintzane Oiarbideren kontrako "difamazio kanpaina" salatu du Bergarako EAJk

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko ira. 25a, 20:30
Aintzane Oiarbide 'Diario fatxo'-ren azalean.

Udaleko bozeramale jeltzalearen irudia erabilita herrian barrena azaldu diren kartelak gaitzetsi egin dituzte eta salatu dute "kritikatik haragokoak" direla. Era berean, Udal Gobernuari eskatu diote "horrelako ekintzen aurrean anbiguotasunik gabeko jarrera hartzeko".

Bergarako EAJko Udal batzarrak "bozeramaile jeltzalearen irudia erabiliz herrian barrena agertu diren kartelak gaitzetsi ditu", prentsa ohar bidez. Baita kartelen edukia ere, "Diario Fatxo izenpean jeltzalearen ahotan gezurrak besterik esaten ez dituela jarri baitute", jeltzaleen esanetan. EAJ ordezkarien esanetan, "kartel horiek, begira-puntuan pertsona bakar bat jartzen dute, iragan hurbilean ezker abertzaleak egin ohi izan duen moduan". Baina kasu honetan "kritika politikotik harago" doala diote, "pertsona baten irudia manipulatu eta iraintzea helburu dutelako”, adierazi dute jeltzaleek. Eta gehitzen dute: "Egoera berriz ere errepikatzen da, izan ere, ez da lehen aldia udal bozeramaile jeltzalea kartel eta pankarta bitartez iraindu dutena. Ezker abertzaleari argudio serioetan oinarritutako politika egiteko eskatzeko unea heldu da, pertsonak iraintzea baliabide erraz modura  erabiltzea albo batera utzita. Eta ezker abertzaleari normalizazio politikoaren eta elkarbizitza baketsuaren alde zein ekarpen egin duten galdetzeko unea ere bada".

EAJren ustez, "azken San Martin festetan ezker abertzaleak kezka giroa sortu du herrian. Eta gehitu dute: "Pena bat da Bergarako festak aldarrikapen eta salaketa politikoak egiteko aukera bilakatu izana, jai giroan eta bakean kultura tradizio honetaz gozatzeko egunak izan beharko lukete eta. Herritar askok kezkaz hartu dute gertatutakoa, izan ere, egunetik egunera ikusten dute giroa okertuz doala ekintza politiko horien eraginez".

Horrekin guztiarekin, Bergarako EAJk "nahikoa" dela esan dio ezker abertzaleari, eta eskatu dio "ETAK armak utzi ditueneko garai berrietara egokitzeko". Eta honakoga gehitzen dute: "Beti izango gaituzte hitz egiteko eta Bergara eraikitzeko lan egiteko prest, baina inoiz ez inposaketaren, errespetu faltaren eta irainaren bidetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak