Herriko etorkinak euskarara hurbiltzeko ikastaroa egingo dute urrian

Imanol Gallego 2014ko ira. 12a, 12:24

Udal Euskaltegiak etorkinendako euskara ikastaroa antolatu du, iaz egindako moduan. Aisa programaren bidez, euskara ikasi nahi duten Bergarako etorkinengana heldu gura dute. Harrera ikastaro horretan, Euskal Herrira etorri berriei egokitutako metodologia eta materiala erabiliko da.

Ikastaroaren prezioa 10 euro da; edozelan ere, ikastaroa amaitu ondoren, euskaltegiak itzuli egingo du kopuru hori, ikasleak gutxienez %85eko asistentzia izaten badu.

Irailaren 30era arte

Arduradunek 60 orduko ikastaroa egin gura dute: urriaren 7tik aurrera. Irailaren 30ean izen-ematea bukatzean, ikasle kopurua aztertu eta taldeak antolatuko dituzte. Aste bakoitzean lau ordu emango dituzte bi egunean banatuta. Dena den, ikasleen premiak ezagutu eta ordutegiak antolatzen laguntzeko, izena ematean egunak eta orduak aukera daitezke. Hala ere, ordutegi zehatza eskariak jaso eta gero erabakiko dute.

Ikastaro horren helburua da etorkinak euskarara hurbiltzea. Etorkin askok urteak daramatzate eta beharrezkoa zaie euskara ezagutzea: seme-alabei etxeko lanetan laguntzeko, lagunekin berba egiteko, erosketak egiteko... Ikastaroari esker, gutxieneko maila hori lortzeko aukera izango dute.

Interesatuek irailaren 30a arte eman dezakete izena. Horretarako, bi bide dituzte: 943 76 44 53 telefono zenbakia edo euskaltegira joanda 09:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 18:00etara, hain zuzen ere. Udal Euskaltegitik dei berezia egiten diete herriko etorkinei harrera ikastaroan parte har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak