Gaur irekiko dituzte ludotekak Bergaran

Monika Belastegi 2014ko ira. 9a, 08:00
Umeak Agorrosingo ludotekan jolasean begiralearekin batera.

Gaur, hilak 9, zabalduko dituzte Agorrosin Ekintza Guneko ludoteka eta Osintxukoa. Agorrosingo ludotekari dagokionez, 4 eta 12 urte arteko umeei eskainitako aisialdi zerbitzua da, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara.

Jardun euskara elkarteak kudeatuko du eta gaztetxoenek aisialdia modu hezitzailean eta euskaraz disfrutatzeko aukera izango dute.

Interesa dutenek gaurtik aurrera izango dute izena emateko aukera Jardun elkartearen egoitzan –Errotalde jauregia–. Prezioari dagokionez, urte osoa 50 euro ordaindu beharko dira ume bategatik; 44 euro, bigarrenagatik; eta hirugarrenetik aurrera debalde izango da.

Aurten, baina, hiruhilabetero ordaintzeko aukera ere ematea erabaki du Udalak, Agorrosindik Oxirondo azokara lekualdatuko delako urtarrilean ludoteka eta horrek plan aldaketa eragin dezakeelako erabiltzaileengan.

Hiruhileko kuotari dagokienez, ume batengatik, 20 euro ordaindu beharko dira; bigarrenagatik, 18 euro; eta hirugarrenetik aurrera, dohain izango da.   

Askotariko jolasak

Iazko bi begiraleak arituko dira aurten ere Agorrosingo ludotekan, Amaia Osa eta Itziar Lete gazteak, eta umeekin batera askotariko ekintzak egingo dituzte.

Hain zuzen ere, gurasoekin elkarlanean programatutako ekintza sorta izaten dute, hala nola eskulanak, jolas kooperatiboak, ur jolasak... Iaz lorategia ere egin zuten. Baina horrekin guztiarekin batera, astean behin, umeek eurek aukeratutako jolasetan aritzeko aukera ere izaten dute. 

Osintxukoa ere gaur

Osintxuko ludotekari dagokionez, hori ere gaur, martitzena, zabalduko dute, auzoko neska-mutikoei zerbitzu emateko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak