El 'Hijo de la Novia' antzezlana estreinatuko dute Bilbon Mikel Laskurainekin

Maialen Torres 2014ko ira. 6a, 11:45
Antzezlaneko kartel ofiziala.

Mikel Laskurain bergararra estatu mailako antzerki biran murgiltzear da egunotan. Eguenean, hilaren 11, estreinatuko dute El Hijo de la Novia, Bilboko Campos Elíseos antzokian eta hilaren 14ra arte egongo da ikusgai. 20:00etan dira emanaldiak. sarrerak salgai daude.

Garbi Losada zuzendariaren eskutik bihurtu zen euskarazko antzezlan Fernando Castets eta Juan José Campanellak zinemarako idatzitako gidoia. Laskurainek azaldu duenez, proiektuarekin hasi zirenetik planteatzen zen gerora antzezlana gaztelerara egokitzeko aukera, eta izandako arrakasta ikusita, aukera hura gauzatzea erabaki zuten.

Laskurain eta Sara Cózar berriro ere elkarrekin arituko dira oholtza gainean, baina, oraingoan, aktore zerrenda berriarekin datorkigu El Hijo de la Novia. Izan ere, Juanjo Artero, Álvaro de Luna eta Tina Sainz izango dira lan taldean.

Dagoeneko hainbat entsegu egin dituzte, eta Laskurainen hitzetan, "lantalde polita" osatu dute. "Hankak lurrean, baina esperantzarekin" begiratzen dio Laskurainek datorren urte terdiari, Artero, De Luna eta Sainz kartel buru izanda Espainian zehar oihartzuna lortzea errazagoa izango delakoan.

Estreinaldia Bilbon izateak, gainera, ilusioz betetzen du Laskurain, halako une erabakigarrian familiakoen eta lagunen babesa izango duelako.

Drama eta umorea

Istorioak drama eta komedia nahasten ditu eta ikuslea barre algaratik negargurara gidatzen du txandaka. Oholtza gaineko pasarteak egunerokotasunean oinarritzen dira, eta edonori gertatzeko modukoak izateak bihurtzen du antzezlana hain gertuko ikuslearentzat. Gurasoen ezkontza, emaztegaiaren memoria galera eta familia-jatetxearen gainbehera dituzte oinarri gertakizunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak