Berriro zutik, duela 4.000 urte bezala

Miren Arregi Amasorrain 2014ko ira. 6a, 00:00
Aranzadiko kideak (goian, erdian, Manu Zeberio arkeologoa) eta menhirra zutik.

Hiru metro eta erdi luze eta metro eta erdi zabal da Arribiribilletako menhirra; historiaurreko gizakiak duela 4.000 urte ipini eta urte askotan lurrean erorita egon ostean, berriz ere zutik ipini dutena.

Arribiribilletakoa menhir bat da, monolito bat, trikuharri baten zatia izan zitekeela pentsatu izan bada ere: "Menhirrak mugarri gisa erabiltzen ziren, giza talde batek lurralde propioa zuela erakusteko. Normalean, komunikazio bideetan kokatzen dira", dio Aranzadiko arkeologo Manu Zeberiok. Hain zuzen ere, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Arkeologia Sailak egin du menhirraren gaineko ikerketa, eta hori da ondorioetako bat. Hori, eta duela 4.000 urte ingurukoa dela; Brontze Arokoa.

Dolmenen Ibilbidea balioan 

Azterketak egin ostean, beraz, menhirra jatorrizko toki eta posizioan ipini du Aranzadi Zientzia Elkarteak: "Trikuharrien Ibilbidea balioan ipintzea da helburua", dio Manu Zeberiok, indusketen arduradunak. Eta gaineratu du: "Horretarako, ingurua ezagutu behar da eta ikerketak egin behar dira".

Dolmenen edo Trikuharrien Ibilbidea izena eman zion Elosua-Soraluze Estazio Megalitikoari Aita Jose Migel Barandiaranek –hark aurkitu zuen Arribiribilletako menhirra 1921. urtean–: Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan monumentu megalitikoen kontzentrazio handia dago; hogei kilometroko ibilbidean hogei inguru, trikuharri, tumulu eta menhirren artean. Euskal Herriko arkeologia orokorrari dagokionez garrantzitsua da han dagoena. 

Eskualdeen artekoa

Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalek sustatuta eta Diputazioaren laguntzarekin ipini da zutik Arribiribilletako menhirra; hain zuzen, hiru udalerri horiek hartzen ditu Estazio Megalitikoak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak