Domekakoa laugarren edizioa izango da, eta ibilbide labur honetan, azoka egun berezi honek, auzotarrak ez ezik, inguruko hainbat pertsona erakartzea ere lortu du.
Auzoko plazan izango da azoka, 11:30ean; dastatzea, berriz, 12:30ean hasiko da. Azokan zein dastatzean egongo diren produktuak San Juango IV. ortu lehiaketan parte hartutako ortuetakoak izango dira. Dastatzeari dagokionez, aurreko urteetan bezala, plater konbinatua eta edaria bost euroren truke salduko dute.
Musika eta argazkiak
Domekan, plaza inguruan egongo den giro ona alaitzeko, Bergarako trikitilariek ere euren saiotxoa egingo dute.
Dirudienez, bazkaloste animatua izango dute auzoan; izan ere, batzuek mahaiaren bueltan hitz egiten duten bitartean, beste batzuek trikitiaren soinuari jarraituta dantza egiteko aukera izango dute. Hori bai, seguruenez, guztiak gerturatuko dira laugarren ortu lehiaketako argazkiak ikustera.