Zumarragan dagoen Arcelor Mittalen lantegiaren egoerak kezka sortu zuen Bergarako plantan astean. Izan ere, haren egoerak eragin zuzena izango luke Bergaran.
Zumarragako plantak galera handiak pilatu ditu merkatuko ahultasunaren eta kostu energetiko handien ondorioz, zuzendaritzatik jakinarazi zutenez eta ez zen baztertzen enpresa aldi baterako ixtea urriaren 1ean hasita. Gaur, baina, akordioa lortu dute zuzendaritzak eta hiru sindikatuk (CCOO, ELA eta UGT). LABek txostena aztertu nahi du.
Bideragarritasun plana
Hain zuzen, zuzendaritza bideragarritasun plan bat garatzen zebilen itxiera hori bete ez zedin. Plan horrek hiru oinarri ditu: produktibitatea igotzea, kalitatea hobetzea eta langileen malgutasuna. Bada, gaur lortutako akordioan, sindikatuek malgutasuna onartu dute eta enpresak produktibitatea handitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. Bergarako ELA sindikatuko Xabier Garitanok poza azaldu du: "Oraingo estutasun hau gainditzeko balioko du, baina ikusi egin behar etorkizunean zer gertatzen den".
Bergarako LAB sindikatuko Jose Ramon Kortabarriak ere, hasierako balorazio positiboa egin du, dokumentua osotasunean ezagutzen ez duela aitortu arren; izan ere, urriaren 1eko itxieraren mamua eta horrek Bergarako plantan izan zitekeen eragina, uxatu egin da-eta, oraingoz.