Urnietar Prestu izendatu dute Edu Muruamendiaraz bergararra

Oihana Elorza Gorostiza 2014ko abu. 25a, 09:34
Edu Muruamendiaraz

Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak izendatu du Muruamendiaraz dantzaria aurtengo Urnietar Prestu. Ohiturazko euskal dantzak erakusteagatik, dantza horiek ikuspegi berritzailez eraldatzeagatik eta Aukeran dantza konpainiarekin dantza ikuskizun modernoak sortzeagatik eman diote izendapen hori. Saria irailaren 29an jasoko du.

Abuztuaren 6an egindako batzarrean hartu zuen erabakia Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak. Aho batez hartu zuen erabakia, gainera. Eta hala behar zuen, Muruamendiarazek ez zuen betetzen-eta Urnietar prestu sariaren arautegiko baldintza bat: urnietarra izatea sortzez edo erroldatzez.

Arrazoiak

Dantza tradizionalean eta garaikidean egin duen ibilbide luzean zehar oso estua izan da Muruamendiarazen harremana Urnietarekin, bertako Sarobe Arte Eszenikoen Zentroaren bitartez, eta azken hamasei urteetan Egape Ikastolako Dantza Taldea zuzendu du, talde horri ibilbide benetan harrigarri bezain erakusgarria emanez, euskal dantza tradizionalean berrikuntza aipagarriak eraginez eta taldea horien eredu bihurtuz. Hala, hiru arrazoi hauek izan ditu kontuan Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak erabaki hori hartzeko:

  • Urnietan ohitura eta usadiozko euskal dantzak erakusten eta horiei arnas berria ematen egin duen lan nabarmen eta aipagarria, euskal dantza belaunaldi berriei erakargarri eginez.
  • Usadiozko euskal dantza sorta zabal bat ikuspegi berritzailez eraldatzen eta berritzen asmatu du, maiz dantza garaikidearen ezaugarriez, baina baita ere bere-berea duen estilo batez, Egape Dantza Taldea euskal dantza berritzailearen eredu eta adibide bihurtuz Urnietan bertan eta, baita herritik kanpo ere, Euskal Herri osoan.
  • Dantza ikuskizun moderno eta plastikotasun estetiko handikoak, oso ederrak, sortu ditu Aukeran dantza taldearekin, Urnietan ekoitzi diren beste ikuskizun batzuetarako, oso bereziki aipa liteke, duela urte bete taularatu zen 1936 antzerkia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak