Abuztua izan arren, jakinekoa da Bergarako baserritarrek (eta ez beste inongoek ere) ez dituztela oporrik hartzen, eta horren erakusgarri da hileko lehen eguaztenarekin batera, bergararrek gertu-gertu izango dituztela baserriko produktu freskoak Oxirondon erosteko, arratsaldez.
Horri laguntzen, gainera, beste bi ekimen ere iragarri dituzte: marmitako dastaketa izango da 19:30ean, eta Morau kantariaren kontzertua, berriz, 20:00etan, Usondo parkean.
Bost kilo hegaluze
Marmitakoari dagokionez, 100 bat razio prestatuko dituzte, Oilagorra elkarte gastronomikoan. 5 kilo hegaluze eta 7 kilo patata erabiliko dituzte zeregin horretarako.
Bergarako herriaren erantzun bikaina jaso duen hileko lehen eguazteneko azoka joan den ekainean hasi ziren egiten, Azoka Bergaratzen egitasmoaren baitan, baserritarren eta erosleen arteko harremana sakontzeko asmoarekin.