Jokalari "osoa, sendoa eta txokera jotzeko beti prest" dagoen horietakoa dela esan du Aitor Arregik aurkezpenean eta, baloiarekin "atzetik jokatzen irtetea" gustuko duena.
Arregik adierazi du zalego izugarria duela Cadizek eta presio handia izango duen arren, ondo tratatuko dutela espero duela. Halaxe esan diola Eibarren taldekide izan duen Raul Albentosak; izan ere, Albentosak Cadizen jokatu zuen bi urtez.
9.000 abonatu ditu gaur egun Cadiz CF elkarteak.
Cadizen helburua mailaz igotzea dela aitortu du Arregik eta, hori lortzeko gakoa, defentsan sendo aritu eta partiduz partidu joatea dela esan du. Gaztea izan arren —24 urte ditu— mailaz igotzen esperientzia badauka bergararrak, azken bi urteotan lortu duelako Eibarrekin Bigarren mailara igotzea, lehenengo, eta gorenera azken denboraldian.
Asier Garitanoren atzetik
Aitor Arregi ez da izango Cadizen arituko den lehen futbolari bergararra. Aurretik, Asier Garitanok ere jardun zuen, 1994-95 denboraldian. Athletic-en hasi zen Garitano eta Espainiako Futbol Ligako Bigarren eta Bigarren B mailetan jardun zuen jokatzen; besteak beste, Eibarren.
Gaur egun Leganes taldeko entrenatzailea da, baina Alicante, Castellon eta Alcoyano ere entrenatu ditu.
Asier Garitano aurrelaria zen eta zelai-erdian ere aritu zen; Aitor Arregik atzean jokatzen du, zentral moduan, batik bat.