Askarruntz auzoan mugikortasun hobekuntzak egingo dituzte autoen abiadura jaisteko

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko uzt. 23a, 13:27

Gaur egun bi noranzko dituen errepidea (argazkiaren ezkerretara dagoena), norabide bakarreko errepide bezala jarriko dute, beraz, hortik igoko lirateke autoak. Bide beltza bezala ezagutzen denetik jaitsiko lirateke autoak (argazkiaren eskuinetara dagoena). Auzotarrek urteetan eskatu izan dute auzoko arriskua gutxitzeko mugikortasun hobekuntzak egitea, eta diputazioarekin elkarlanean, asmoa da iraila aldean hastea lanokin.

Diputazioarekin elkarlanean diseinatu du Bergarako udalak Askarruntz auzorako mugikortasun hobekuntzak; trafiko aldaketa batzuk egingo dituzte autoen abiadura moteldu eta arriskua jaisteko. Hauxe da proposamena: gaur egun bi noranzko dituen errepidea, norabide bakarreko errepide bezala jarriko da, beraz, hortik igoko lirateke autoak. Bide beltza bezala ezagutzen den errepidetik jaitsiko lirateke gero.

Trafikoa ere baretu egingo dute eta horretarako hainbat aldaketa egingo dituzte: abiadura mugak jarriko dituzte, gaur egungo bi noranzkoetako errepidea estutu egingo dute eta norabide bakarreko bezala jarriko dute eta oinezkoen babesguneak ere jarriko dituzte.

Horrekin guztiarekin, trafikoa baretuko dutela espero dute eta lanokin iraila inguruan hastea: "Diputazioak lanak esleitu behar ditu lehenengo eta lanokin laster hastea espero dugu. Gure nahia irailean egitea izango litzateke", azaldu du Jaione Isazelaia alkateak.

Auzotarrak pozik

Askarruntz auzoan egingo diren trafiko aldaketa horien berri eman zien atzo, martitzena, alkateak udaletxean eta herritarrek euren zalantzak argitzeko aukera ere izan zuten bertan.

Auzotarrak pozik zeuden horrenbeste urtean egindako eskaerari erantzuna emango zaiolako azkenean eta alkatea ere pozarren zegoen batez ere auzotarrengatik, euren nahia beteko delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak